Demola Bilbora heldu da

Demola berrikuntza irekiko eta batera sortzeko Europako programa da. Lehendabizikoz heldu da Bilbora, Bilbao Ekintzaren eskutik. I. Edizio honetan unibertsitateko azken graduko edo goi-mailako graduko prestakuntza-zikloetako 55 ikaslek parte hartuko dute. Ekimenean parte hartzen duten 10 enpresek luzatutako erronkei erantzun behar izango diete.

Gazteek enplegua aurkitzeko aukera handitzeko xedea duen Demola programa lehendabizikoz ezarriko da Bilbon, Demola Basque Country izendapenarekin . Gainera, Bilbao Ekintza enplegua aurkitzeko aukera handitzeko asmoz burutzen dabilen Bilbao Gaztea Sortzen esparru-proiektuaren barruan dago.

Bospasei kidez osatutako lan-taldetan banatuta, ikasleak erronkei erantzuna emateaz arduratuko dira. Horretarako, esperimentazio zehatz, ireki eta bizkorra erabiliko dute.

Lehenengo esperientzia honetan hurrengo ikastetxeetako gazteek parte hartuko dute: Eskurtze BHI, Deustuko Salestarrak, Elorrieta- Erreka Mari LHII, Tartanga LHI, Deustuko Unibertsitatea, EHUko Sarrikoko Campusa, EHUko San Mameseko Campusa, EHU-Leioa, Artxandako Ostalaritza Eskola eta Harrobia LHI.

Hona hemen parte hartuko duten enpresak eta haien erronkak:

  • Airlan: bezeroak helburu dituen tresna digitala sortzea aireko tratamendu-unitateen balio erantsiko ekarpenak aurkeztu eta nabarmentzeko, bai talde osoarenak, bai haren kide bakoitzarenak.
  • Argi On: enpresaren arlo desberdinek sortutako informazioa antolatzea eguneroko lana bizkortzeko eta sailen arteko komunikazioa hobetzeko.
  • Autobuses Blanco: Nazioartean duten posizionamendua hobetu eta bezero berriak erakartzea.
  • Gurutze Gorria: itsas-salbamendurako ontzia eskuratzea erreskatearen fase guztiei eta itsasoaren unean uneko egoerari aurre egin ahal izateko.
  • Emtesport: Kirola kaleratzea hainbat udalerritan.
  • Zenit Bilbao Hotela: Hotelaren eta haren jatetxearen posizionamendua hobetzea.
  • Idom: Adierazleak kategorizatzea, teknologia hobetzea eta hobeto bizi daitekeen nahiz herritar guztientzat zabalagoak diren hiriak diseinatzeko aukera ematen duen aginte-koadroa sortzea.
  • Izoria: Banaketa-kanalak hobetzea gehiago saltzeko.
  • Mutualia: ziber-segurtasunean hezteko joko bat sortzea.
  • Tourne: bezero potentzialen beharrizanei egokitutako ibilbideak diseinatzea eta marketinari egokitutako teknologia hobetzea.

Enpresa bakoitzeko langileek burutuko dute prozesu osoa, lana modu sistematikoan eta aurreikusitako helburuen arabera egiten dela bermatzeko. Gainera, Demolaren erraztaile-taldearen laguntza izango dute eta Bilbao Ekintzak ekimena koordinatuko du.

Hala, ikasle-taldeek ekarritako ideia eta egiteko modu berrien bitartez, enpresek kultura-arloko eraldaketa sustatzeko eta haien lehiakortasuna bultzatzeko gako garrantzitsuak eskuratuko dituzte.

Informazio gehiago:
Prentsa-oharra
Facebook Bilbao Ekintza
Twitter Bilbao Ekintza
DEMOLA