Ideiaz gainezka

Bilborock aretoan Ideiak Martxan ekimenari buruzko Workshop bat egon zen pasa den otsailaren 15ean, Koala Rabiosok dinamizatuta. Bertan, ideiak bor-bor atera ziren. Elkar ezagutzen ez zuten ia hogeita hamar gazte bilbotarrek bat egin zuten Bilboko gazteriarentzat interesgarri suertatu daitezkeen aisiarako modu, eremu edo jarduera berriak lantzeko. Orain, Udalak baloratu behar ditu proposamenak eta parte-hartzaileekin berriro batzartu, ideia horien bideragarritasuna aztertze aldera.

Koala Rabioso youtuberraren laguntzaz, hiru pertsonako taldeetan bildu ziren ideia berriak pentsatzeko eta plazaratzeko. Eta proposamen ugari sortu ziren: eskalada egiteko edo dantzarako espazioa, musika-jaialdiak…

Baina ideiak luzatzeaz gain, proiektuaren bideragarritasuna egiaztatu behar da, hainbat elementu kontuan hartuta: aurrekontua, espazioaren segurtasuna, arduradunak, etab. Aitor Merino, bertan parte hartu zutenetako baten esanetan: “Ideia aukeratzen badute dena egitea egokitzen zaigu: txostena aurrekontuarekin, sinadura-bilketa edo dena delakoa, proiektua aurkeztea, non eta nola egingo den”. Gainera, Nerea Delgadoren -Workshopera joandako beste neska baten- esanetan, proiektuaren zati guztiak eskema batean islatu behar izan zituzten.

Eta elkar ezagutu ez arren, ekimenak sortzeko eta jende berriarengana hurbiltzeko gogoak haien arteko berehalako batasuna sortu zuen. Honako proposamenek Bilboko gazteei bertan eskaintzen zaizkien aisiarako aukeretan parte hartu ahal izateko balio izango dutelakoan daude.

Oso gogo onez amaitu zuten eguna guztiek.