Mugikortasun iraunkorrari buruzko Gaztetalkeko ondorioak ezagutu

Hemen esan genizun bezala azaroaren 16an, Bilborocken Gaztetalk bat egin genuen, gazteen artean parte hartzeko topagunea. Horretan, Bilbon egiten diren joan-etorriei buruz eta horiek modu iraunkorragoan egiteko moduaz. berba egin genuen.

Egun honetan, hainbat ekarpen jaso genituen, lau lan-talde handitan banatuta:

  • Garraio publikoa eta autoa.
  • Bizikletazko mugikortasuna, zama-lanak eta sentsibilizazioa.
  • Bide-segurtasuna eta ingurumena
  • Oinezkoen mugikortasuna eta aparkalekuak.

Orain, dagoeneko, talde hauen ondorioak zehatz-mehatz ezagutzen ditugu. Jarraian, laburbilduta aurkeztuko dizkizuegu:

  • Garraio publikoa eta autoa: gazteek garraio publiko merkeago, erabilerrazago eta azkarragoa edukitzearen alde egin dute, aisia eta gizarteratzea errazten dituena. Horrez gain, garraiobide guztietarako app integrala eskatu dute, prezioez, garraiobidez aldatzeko moduez, eta abarrez informatzeko. Autoari dagokionez, gazteek 2030. urteko mugan autoak ekologikoagoak, elektrikoak, kutsadura gutxiagoren eragileak… txikiagoak eta zati batean tolesgarriak izango direlakoan daude. Etorkizuneko autoa 2 lagunek edo gehiagok partekatuko dutela aurreikusten dute.
  • Bizikletazko mugikortasuna, zama-lanak eta sentsibilizazioa: gazteak autorik ez daukan eta bizikletak dituen Bilboren alde agertzen dira (bizikleten mailegurako zerbitzua luzatzea, Barik txartela bizikletetarako, bidegorri-sarea, bizikletak eramateko garraio publiko egokitua, etab.). Zama-lanei dagokienez, espazio hauen seinalizazioa hobetuko delakoan daude, banaketa partekatuekin eta itsasadarra ere banatzeko kanal bihurtuta, Amsterdam egiten den bezala.
  • Bide-segurtasuna eta ingurumena: hiri segurua, umeentzako arrisku bakoa, bidegorriak ondo mugatuta eta argiztatuta dituena, oinezko guneekin, bizikletak autoaren aldean lehentasunarekin… Hala irudikatzen dute gazteek 2030eko Bilbo hiria. Garraio publikoari lehentasuna ematen dion eta energia berriztagarriak erabiltzen dituen Bilbo berdea. Eredu horretan, Itsasadarra Bilbon ibiltzeko beste bide bat da.
  • Oinezkoen mugikortasuna eta aparkalekuak: Bilbon auzoak hobeto lotuta (igogailuak, arrapalak…) egongo direla amesten dute, oinezkoak gertu daudenean pizten diren semaforo adimentsuekin, bizikletak espaloietan ibili barik, aldirietako aparkalekuekin, kaleetan aparkaleku gutxiagorekin edo okupatu barik dauden aparkalekuen berri ematen duen TAO sistemarekin.

Informazioa gehiago hemen.