“Beldur barik!” lehiaketan parte hartu

Pasa den irailaren 1ean aurkeztu zen Emakunderen “Beldur Barik!” programa. Urtero bezala, “Beldur Barik!” programak gazteen artean errespetua eta berdintasuna sustatzea du helburu, indarkeria matxista saihestearren.

“Beldur Barik!” programak 12 eta 26 urte bitarteko gazteek egindako ikus-entzunezko lehiaketa du ardatz. Lehiaketak helburu argi bat du: gazteek egoera ezberdinen aurrean eta indarkeria sexistaren adierazpenei “Beldur Barik!” jarrerarekin nola egiten dioten aurre erakustea.

Azkenengo edizioan 2.348 gaztek hartu zuten parte eta 363 lan aurkeztu ziren. Lanak aurkezteko epea zabalik dago jada, eta datorren azaroaren 13an itxiko da. Bakarka zein taldeka aurkezteko aukera dago. Aurtengo saridunak hurrengo abenduaren 2an emango dira jakitera “Beldur Barik! Topaketa”-n, Eibarren. Bertan, eztabaida eta ekintza ezberdinetan parte hartzeko aukera egongo da.

“Beldur Barik!” programak hiru foru aldundien eta Euskadiko Udalen Elkartearen babesa jaso du. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren zenbait sailek, UPV/EHUk eta EITBk ere programarekin bat egin dute.

Lehiaketaren oinarriak ezagutzeko klikatu hemen.