Baditugu gure Youtuberrak!

Bilbao Gaztek bi Youtuber ofizial aukeratu ditu, gazteei hiriko planik onenak proposa diezaieten. Gorka Ruiz eta Karla Martínez izan dira aukeratuak, 18 urtekoak biak.

Bai Gorka, eta baita Karla ere, Youtuben ibilitakoak dira. Izan ere, Gorkak bi kanal ditu: batean Athleticen partiduetaz, eta bestean, bideojokoen inguruan aritzen da. Karlak, aldiz, modako gaiak jorratzen ditu.

Kamararen aurrean ibiltzeko erraztasuna, euskaraz eta erderaz aritzeko soltura eta editatzen jakitea izan dira bi hautagaiak aukeratzerako orduan kontutan hartu diren indarguneak.

Sei bideo aurkeztu dira lehiaketara, horietako bat bi neskek egina; orotara, bost neskek eta bi mutilek hartu dute parte. 25 urte dituen gazte bat izan ezik, gainontzeko parte-hartzaileak 18 eta 20 urte bitartekoak izan dira.

Bilbao Gaztek eskerrak eman nahi dizkie lehiaketara aurkeztu diren guztiei, eta era berean, aurkeztutako lanen kalitatea ere txalotu nahi du.