Txani Rodriguez Zurrumurruen Aurkako tailerraren edizio berrian

Datorren otsailaren 12an hasiko da Azkuna Zentroan Zurrumurruen Aurkako Idazmen tailerraren edizio berria. Bi orduko zortzi saio izango dira orotara, Txani Rodriguezen, kazetari eta idazlearen, eskutik; fikziozko istorio bati nola ekin edota narrazioko genero ezberdinen arteko aldeak azalduko ditu, beti ere zurrumurruen aurkako proiektuaren barruan.

Azkuna Zentroko Medialab2 aretoan izango da hitzordua otsailaren 12 eta 26an, martxoaren 12 eta 26an, maiatzaren 14 eta 28an eta ekainaren 11n, arratsaldeko 18.30etatik 20.30ak arte. Saio guztiak doakoak izango dira, eta edozeinek hartu dezake parte, beti ere partaide berriek lehentasuna izango dutela.

Bilboko Udalak 2013an eman zion hasiera Zurrumurruen aurkako proiektuari, atzerritarrek jasaten dituzten estereotipoak ezabatzeko. Horretarako, sare bat sortu eta sendotzea du helburu. Egun, 120 pertsonek garatzen dute Zurrumurruen Aurkako estrategia.