“Artistak Egoitzan”, artistei zuzendutako programa

Bilboko Udalak “Artistak Egoitzan” programa martxan jarri du, bederatzigarrenez, gure hirian arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza sustatu zein bultzatzeko helburuarekin. BilbaoEszenak proposamen eszenikoak sortu, ikertu eta zabaltzea helburu duten hiru proiektu aukeratuko ditu; egoitzetako bat euskarazko proiektu onenak jasoko du.

Programa honek artista eta artista taldeak laguntzea du helburu, behar dituzten baliabideak euren eskura jarriz. Proiektuak taldeka zein bakarka aurkeztu daitezke, beti ere parte-hartzaileak 18 urte baino gehiagokoak badira. Epea martxoaren 9ra arte egongo da irekita eta Udalaren edo BAD-en webgunetan dagoen inprimaki ofiziala bete beharko dute interesdunek. Ez dira onartuko posta elektronikoz, postaz edota presentzialki aurkezten diren proiektuak.

Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan zein hiriko beste gune batzuetan izango dira, uztailean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakoitzera 4.000 € bideratzeaz gain, aukeratukoek ikus-entzunezko arloko profesional zein publiko orokorraren aurrean euren proiektuak aurkezteko aukera izango dute, BAD-en edota Udalak babestutako beste edozein ekimen eszenikoetan.