600 ikasle Bullying-aren kontra

Bizkaiko eskola ezberdinetako 600 ikaslek hartu dute parte “Bullying-aren kontrako ipuinak” ekimenean. Sormena eta ahalegina sustatzea du helburu eta Euskadin egin diren kultura-ekitaldietan partaidetza handiena izan dutenen artean kokatzen da.

100 euroko 15 sari banatuko dira, gizarte proiektu ezberdinetan erabiliko direnak. Saritu eta euren ikastetxeek erabakiko dute nora bideratuko duten jasotako saria. Lanak 8 eta 23 urte bitarteko gazteek, eta euskaraz, ingelesez zein gaztelaniaz idatzi dituzte. Lehiaketako lanik onenak “Bullying-aren kontrako ipuinak” liburuan txertatuko dira.

Sari-banaketa eta liburuaren aurkezpena martxoaren 10ean, larunbatean, ospatuko da Bilborocken. Ekitaldian Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea, Oihane Agirregoitia, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia, Jordi Albareda, Fair Saturday-ren sortzailea eta Iñaki Zubizarreta, ACBko jokalari ohia, egongo dira.

“Bullying-aren kontrako ipuinak” ekimena Bilbon sortutako Fair Saturday mugimendutik jaio da, kultura oinarri hartuta etorkizun hobea eraikitzeko asmoarekin.