ANIMAKOM FEST animazio zinemaren jaialdiak hamaika emanaldi ekarriko ditu Bilbora

ANIMAKOM FEST-en, Animazio Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren, bigarren edizioa apirilaren 11tik 15era ospatuko da eta Bilbao Berrikuntza Faktoriako Dock (Uribitarte Pasealekua, 3) izango da egoitza.

Aurkezpena Campos Eliseos Antzokian hilaren 11n, asteazkenean, 18.00etan izango da, ‘Chicken Run’, ‘Fantastic Mr. Fox’ eta ‘Frankenweenie’ lanen animazio zuzendari den Kom Keukeleirek eskainiko duen master-class batekin. Ondoren, 20.00etan, ‘La Vida de Calabacín’ (Claude Barras) emango dute, 2016ko Oscarrerako eta Europako Animazioko Luze Onenari Sarirako proposatua.

ANIMAKOM FEST jaialdiak animaziozko zineman diharduten emakumeen lana aitortzea du helburu, hori dela eta, Animakom Saria ematen dute, ibilbide profesionala aitortu eta gorazarre egiteko asmoz. Aurten Joy Batchelor-ek hilondoko titulua jasoko du, izan ere, bere senarrarekin batera ‘Rebelión en la Granja’ luzea zuzendu zuen. Sari banaketa ostiralean, 13an, 20.00etan izango da eta aipatutako pelikula proiektatuko da.

Jaialdian zehar, bere lanen atzera begirako erakusketa ikusgai egoteaz gain, ‘Ruddigore’ eta beren laburren selekzio bat ere eskainiko dute apirilaren 12 eta 13an UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean.

Horrez gain, Annecyko Jaialdi ospetsuaren eskutik, euren azkenengo edizioaren lan azpimarragarrienen hiru proiekzio ikusteko aukera egongo da. ZINEBI jaialdi bilbotarrak ere presentzia izango du, izan ere, 2017ko edizioan emakumeek egindako labur onenekin emanaldia egingo du.