PRE-FANTrekin FANTerako motorrak berotzen hasi!

Maiatzaren 4tik 11ra ospatuko da FANT, Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, hala ere, ez dugu hilabete itxaron beharko film fantastikoenak gure hiriko hamaika txokotan ikusteko. Izan ere, apirilaren 23tik 27ra PRE-FANT ospatuko da Kale Nagusiko BBK Aretoan, Bilborocken eta Guggenheimen.

BBK Aretoan bi saio egongo dira apirilaren 23, 24 eta 25ean: 18.00etan eta 20.0retan. Lehenengoan, jatorrizko bertsioan (gaztelaniazko azpi-tituluekin) Frantziako zine fantastikoko hiru lan klasiko eskainiko dira: Maurice Rourneuren “La mano del diablo” (1943), Luis Buñuelen “El fantasma de la libertad” (1975) eta Georges Franjuren “Los ojos sin rostro” (1960).

20.00etan Sitgeseko Jaialdiko azken edizioan parte hartu zuten bi film ikusteko aukera egongo da: Brian Tayloren “Mom and Dad”, Shane Abbessen “The Osiris Child”. Ostegunean, bere aldetik, Bi Liu Jianen “Have a Nice Day” animaziozko film txinatarra eskainiko da.

Hilaren 25ean, asteazkenean, Guggenheimeko auditoriumean Ángel Salaren, Sitgeseko Jaialdiaren zuzendariaren, eta Juan Zapateren, zine kritikari eta BilbaoArteren zuzendariaren, arteko topaketa ospatuko da. Bertan, Salaren “Just imagine. 50 títulos esenciales del cine de ciencia ficción” liburuaz arituko dira.

Azkeneko egunean, 27an, arratsaldeko 20.00retan DARKFEST jaialdiko trailer faltsu finalistak botako dira, hala nola, epaimahaiaren irabazlea eta ikus-entzuleen boto gehien duena ere. Koldo Serra eta Roberto San Sebastián bertan izango dira epaimahaikide bezala. Aipatutako emanaldiaz gain, 80ko hamarkadako New Wave elektronikoa omenduko duen festa-ikuskizuna ospatuko da, 80’BEAT taldearen kontzertuarekin; Mamba Beat edo Doctor Deseo taldeetatik datozen musikariak elkartu dituen taldearekin, hain zuzen.

Eta, FANTeko azkeneko edizioa ez ahazteko, hilaren 27an  Getxoko Kultur Etxeak Haritz Zubillaga zinegile bilbotarraren “El ataúd de cristal” proiekzioa programatu du Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan; Barakaldo Antzokiak, bere aldetik, FANTen azkenengo edizioa irabazi zuten film laburren saioa jasoko du apirilaren 24an, 19:00etan.

Bukatzeko, apirilaren 24ean FNACek IMVALek emango duen laburren gidoi tailerra prestatu du, eta 28rako, 18.00etatik aurrera, makillaje eta fantasiazko pertsonaien karakterizazio tailerra. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.