Plana Gabonetarako!

Badator #GazteKLUBA GABONAK, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra arte, eta 12 urte baino gehiago duten gazteei zuzendutako gustu ezberdinetarako hamaika plan eskainiko dizkigu Bilboko hamaika txokotan. Kontzertuekin ederto pasako dugu, tailerrekin ikasi egingo dugu, eta gainera, irteerak egongo dira!

Egitarauak honako bost ardats hauek izango ditu:

Bi irteera: Huesca eta Donostiara. Lehenengoarekin Huescan dagoen Astuneko eski pistara joango gara. Ez badakizu eskiatzen lasai egon, izan ere, nahi izanez gero, 2 orduko ikastaroa jasoko duzu. Urtarrilaren 2an irtengo gara Bilbotik, eta urtarrilaren 3an bueltatu. Bestalde, urtarrilaren 4ean Donostiara hurbilduko gara, bi plan eskuartean izango ditugula: goizean Txuri Urdin Izotz Jauregian patinatzen egongo gara, eta arratsaldean zientziarekin esperimentatuko dugu Eureka Zientzia Museoan.

Bilborock gabonetako programa honen ardatsetako bat izango da, izan ere, bertan dantzarekin, bideojokoekin, eta musikarekin gozatuko dugu. Bakarlaria zein banda bateko kide bazara, irakurri ezazu MUSIKFEST-en inguruko informazioa, izan ere, Bilborock-eko oholtzara igo zaitezke. Izena emateko epea dagoeneko dago zabalik eta abenduaren 12an itxiko da.

Gainera, moda edota sukaldaritzaren inguruan asko ikasiko dugu. Kirola egiteko aukera egongo da, parkour tailerrak eta basket torneoak ospatuko baitira.

#GazteKLUBA GABONAK programaren barne ere Gazteguneek ospatzen dituzten ekintzak aurkitzen dira; zirko tailerra, scape room-a, eta askoz gehiago!

Irakur ezazu #GazteKLUBA GABONAK programaren informazio guztia hemen. Izena emateko epea abenduaren 10ean irekiko da goizeko 09:00etan, eta abenduaren 16ean itxi. Parte hartzaileen zerrenda izen emate hurrenkeraren arabera osatuko da, taldea osatu arte.