“Sardinita disfrazada” kartelak iragarriko ditu aurtengo aratusteak!

 ‘Sardinita disfrazada’ kartelak iragarriko ditu aurtengo Bilboko aratusteak. José Ángel Ligero Martínez izan da egilea, eta irabazle suertatu da 4.139 boto bere alde jaso eta gero. Botoak Euskal Museoan jaso dira modu presentzialean eta udal webgunean telematikoki. Aratusteak otsailaren 28tik martxoaren 5era ospatuko dira.

Orotara, 83 proposamen jaso dira aurtengo lehiaketan. Gehienak Bilbokoak baziren ere, badira asko urrunetik etorri direnak: Nafarroa, Gasteiz, Murtzia, Valentzia, Aragoi, Katalunia, Extremadura, Leon, Madril, Andaluzia edo Tenerifetik, esate baterako.

‘Sardinita disfrazada’ sei finalisten lehen izan da, batetik herritarrek emandako botoei esker (azken erabakian % 75eko pisua izan dute) eta bestetik epaimahaiaren erabakiaren ondorioz (gainerakoa, % 25a, izan dena). Kide hauek osatu dute epaimahaia: Itziar Urtasun, Jaietako Batzordeko burua eta Bilboko Udaleko Jaietako Saileko zinegotzia; Asier Abaunza eta Beatriz Marcos zinegotziak; Miryam Artola (Muxote Potolo Bat-eko fundatzailea, sorkuntza arloko langilea eta CEOa) eta Mikel Martinez (Farolin eta Zarambolas 2018); Bilboko Konpartsen ordezkari bat, eta Julio Arrieta (El Correo) eta Ane Zabala (Bilbo Hiria Irratia) kazetariak.