Kontzertu solidarioa Bilborock-en

Askabide elkartearentzat dirua biltzeko asmoz, datorren maiatzaren 22an jardunaldi solidarioa ospatuko da Bilborock-en, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Besteak beste, Aitor Jauregi musikari bilbotarrak kitarra klasikoko kontzertua eskainiko du. Sarrerak 5 euro balioko ditu.

Jardunaldiak ez du bakarrik musika izango, izan ere, bertoko artistaren kitarra klasikoko kontzertuaz gain, Askabidek aurkezpen eta erakustaldia antolatu ditu Bilborock-en. Elkartearen ordezkariek ikus-entzunezko materialaz baliatuko dira euren Mari Makeda proiektuaren berri emateko. “Bilbao Balioen Hiria Sariak” programan saritua izan zen Mari Makeda. Horrez gain, Askabideko emakumeek diseinatutako eta egindako erropaz osatutako erakustaldia ere egongo da.

Bilboko Udalak sustatuta, eta Ideiak Martxan programaren eremuan, jaio da ekimen hau. Esan bezala, Askabide elkartearentzat dirua biltzea du helburu; irabazi asmorik gabeko erakunde honek gizarte-bazterkeria jasaten duten emakumeen inklusioa eta normalizazioa lortzeko dihardu lanean.

Jardunaldia Ideiak Martxan programaren eremuan dago antolatuta. Udalak garatzen du deialdi hau; 14 eta 35 urte bitarteko Bilboko gazteei dago zuzendua. Kulturarekin, diseinuarekin, arkitekturarekin, zientziarekin, teknologiarekin, ingurugiroarekin eta gisakoekin lotutako proposamenak aurkezteko aukera ematen du, eta, bideragarriak baldin badira, Udaletxeko udal-programazioan txertatzea posible izango da.