2019ko Aste Nagusiaren kartelen lehiaketaren finalistak

Bi hilabete baino ez dira falta Marijaia gurera etortzeko, baina dagoeneko 2019ko Aste Nagusiaren kartelen lehiaketaren epaimahaiak sei irudi finalistak aukeratu ditu. Bakarra izango da festetako irudi ofiziala, aurten 133 aukera desberdin izan direla lehian.

Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, gehienak Bilbo eta Bizkaikoak izan dira. Hala ere, nabarmentzekoa da aurkeztu diren kartelen jatorri ugaria: Nafarroa, Araba, Madril, Bartzelona, Sevilla, León edo Cuenca, besteak beste.

Lehenengo balorazio honetan batik bat lanen kalitate teknikoa eta lehiaketaren oinarrien errespetua izan dira kontuan. Horrela, horma-irudi finalistak hurrengoak dira: “FESTAK BIHOTZEZ”, “BETI MARIJAIA”, “HASIERA”, “WE LOVE MARAJAIA”, “GURE MUNDUA” eta “BILBAO CON LOS BRAZOS ABIERTOS”.

Irabazlearen aukeraketan, Bilboko hiritarrek rol garrantzitsua izango dute. Azken erabakiaren balioaren %66a popularra izango da, eta gainerako %33a epaimahaiari dagokio. Botazioa egiteko epea ekainaren 10tik 14ra arte izango da, bai Euskal Museora joanez (10:00etik 19:00etara), bai online, udalaren webgunearen bidez eta komunikabide kolaboratzaileen bidez.