ZINEBI jaialdiaren 61. edizioa azaroaren 8an hasiko da

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren, ZINEBI-ren, 61. edizioa azaroaren 8an hasiko da eta 15ean bukatu. Inaugurazioa Arriaga Antzokian egingo da, 20:00etatik aurrera. Ekitaldiaren gainontzeko egoitzak Azkuna Zentroa, BBK aretoa, Arte Ederren Museoa eta Campos Antzokia izango dira. 

Azkuna Zentroko Auditorioan eta zine aretoetan emango diren proiekzioetarako banakako sarrerak (4,5 euro) eta 10 saioko bonoak (35 euro) eskuratu ahal izango dira, urriaren 28tik aurrera, Golem zine aretoetako txarteldegian.  Edizio honetan, ZINEBIk bono bereziak aterako ditu langabetuentzat eta 26 urtetik beherako ikasleentzat. Bono horrek 20 euro balioko ditu (10 sarrera).

Aurten, ZINEBI 61ek Claire Simon frantziarra, Wang Bing txinatarra eta Márta Mészáros hungariarra sarituko ditu Ohorezko Mikeldiarekin. Lehenengo bi izenak hasierako ongi etorrian egongo dira, azaroaren 8an. Sra. Polaroiska kolektibo artistikoaren esku dagoen Arriaga Antzokiko ospakizunak oso izaera partaidea eta orijinala izango du.

131 herrialdetatik etorritako aurkeztu diren 3.921 film laburretatik, 57 izan dira aukeratuak Sekzio Ofizialean parte hartzeko. Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean 7 euskal zinegileek egindakoak dira. Euskal ekoizpen lanak inaugurazio ekitaldiaren amaieran proiektatuko dira. 

Mundu osoko emakumeek egindako zinearen ikusgarritasuna eta ikus-entzunezkoen industriako lanbide guztietan emakumeen presentzia eta lana gero eta handiagoa izaten laguntzeko helburuarekin, eta aldi berean, berdintasuna eta askatasuna errealitate izatetik urrun dauden herrialdeetan emakumeak bizi duen egoeraren lekuko izanik, ZINEBI 61ek “Again. Palestine. Palestinian Women Filmmakers” programatu du, film luzez eta laburrez osatutako zikloa, egile begirada aipagarria duena.

Gainera, jaialdia profesionalentzako topaleku ere izango da, zine dokumentalaren “ZINEBI Networking. Dokumentalen sorgunea” bigarren foro profesionalean. Bertako talentua bultzatu eta Euskadiko ekoizpen dokumentala lagundu nahi duen ekimena da. Horretarako, Euskal Produktoreen Elkartearen (EPE-APV), Euskal Telebistaren (ETB), Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren (BEAZ) eta Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiren laguntza du. Guztira, 22 proiektu aurkeztu dira. 

Azaroaren 15ean ZINEBI 61ren palmares osoa ezagutuko da. Aurten, berrikuntza gisa, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) eta beste ikastetxe batzuetako 18 ikaslek osatutako Epaimahai Gazteak, 2.000 euro izango dituen nazioarteko ZIFF – ZINEBI FIRST FILM sekzioko Epaimahai Gaztearen Saria emango du.

Kontsulta ezazu hemen ZINEBI 61ren egitaru osoa.