“2019ko Beldur Barik Topaketak” programak euskal gazteria bilduko du indarkeria sexistaren kontra

Urtero ospatzen den indarkeria sexistaren “Beldur Barik” prebentzio-programak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako gazteak bilduko ditu azaroaren 23an Azkuna Zentroan eraso sexisten kontrako gaitzespena erakusteko. “2019ko Beldur Barik Topaketa” urtean zehar garatutako laneko plan trinkoaren amaiera da.  

Topaketa honetan “Beldur Barik Lehiaketako” sariak banatuko dira, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoela. Gazteek diseinatutako adierazpide artistikoak sarituko dira. Desberdintasun egoeren aurrean nola erantzuten duten erakutsiko dute, beti ere errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeriaren gaitzespen irmoan oinarritutako jarrerak dituztela ardatz.

Aurten 2.200 gaztek parte hartu dute 298 lanekin: 12 eta 13 urte bitarteko kategorian 45; 14 eta 18 urte bitartekoan 189; eta 19 eta 26 urte bitartekoan 64. Gainera, Bilboko ekitaldian tailerrak eta jolas-jarduerak egingo dira. 

Aurkeztutako lanetan, gazteek gero eta argiago identifikatzen dituztela indarkeria sexistak eragin ditzakeen desberdintasun-faktoreak eta jokabide horiei aurre egiteko jarrera erakusten dutela nabaria da. Aurtengo gai nagusiak nesken ahalduntzea, generoak markatutako rolak eta estereotipoak eta emakumeen aurkako indarkeriaren erantzun kolektiboa izan dira. 

Erakundeek gazteen arteko indarkeria sexistaren prebentzioan lan egitearen garrantzia azpimarratu dute, neska gazteen ahalduntzea erraztu eta desberdintasunezko eta indarkeriazko egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna sustatzen duten programak abiaraziz.