Hautatutako talde eta bakarlariak – VillaSoundBilbao 2023

Calathea

CALATHEA

Inork azaleratu nahi ez dituen sentimenduak beren barneko forma gordinenean oihukatzen duen musika da Galdakaoko talde honen ezaugarria. Inspirazio gisa, post-rock, post hardcore eta melodic hardcore aipatzen dute. Viva Belgrado, Counterparts eta Meltdown dituzte erreferentzia.
Bi single atera dituzte jada, bideoklipez lagunduta, Loratu Ezean eta Ripped Teeth.

Deñe

DEÑE

Kantautore azpeitiarra, haurtzarotik musikari estu-estu lotuta egon dena. Deñe proiektua 2020an aurkeztu zen, Gaztea Maketa Lehiaketan. Horrek haren musika-ibilbidea markatu du.
Pop goxo eta sentibera baten alde egiten du, kantetako letrak asko zainduz. Kutxa Kultur Musikan hautatua, agertokia Maialen Urretavizcayarekin (teklatuak) eta Paula Morenorekin (bateria) partekatuz ekin dio bideari. Ibilbide berri honetan, musikaz eta ustekabeko egunez betetako urtea bizitzea aurreikusten du.

82

ENTROPIA

Gasteizko laukotea, rock alternatibotik abiatzen dena eta psikodeliaren eta rock espazialaren eragin nabarmena duena. 2016an Gazte Talent lehiaketa, eta 2017an Logroñoko Unibertsitatekoa irabazi eta gero, iraupen luzeko autofinantzatutako lehen lana aurkeztu zuten: Invisible (2018).
Debut-lan harekin, penintsulako zenbait areto eta jaialditan egon ziren, eta agertokia partekatu zuten giro bereko taldeekin: Astrodome (Portugal), James McCann and The New Vindictives (Australia), Dyr Faser (AEB)… 2018 bukaeran, bira egin zuten Frantziatik, The Obelisk, Wombat Booking eta Nun Figths Nun taldeen eskutik.
Gerora, Helldoradon jo dute, Toundrarekin, eta Bartzelonako Rocksounden eta Gasteizko Xperiment Fest jaialdian ere bai, besteak beste.

62

HXDESZ

Aurretiaz sentitutako mina sormen-adierazpen bihurtzeko trantsiziotik abiatzen da Eder Sánchez (Bilbo, 2001), Hxdesz izen artistikoduna («Hades» irakurtzen da, azpimunduko jainkoa).
2020an hasi zen haren musika-karrera. 2010eko hamarkadako Madrileko rap-eskolaren, eta rap euskaldunaren eta frantsesaren eragina du. Egungoagoak diren soinu eta bizipenak egokitzen ditu, bere eginez eta berezko ezaugarriak emanez.
Lehenago lanen bat argitaratu bazuen ere, debut ofiziala 2022 hasieran egin zuen, lehen EParekin: BI-VI 01’. Horren ostean, Y2K etorri zen, rapero nazionalen belaunaldi biren arteko zubi-lana —2000. urtea baino lehenagokoak eta ostekoak—, non Bilboko eta Gasteizko zenbait artistak parte hartu baitzuten.

118

ITHAKA

Orio eta Zarauzko lau gaztek osatzen dute Ithaka. Noraezean dabilen belaunaldiaren garrasiak eta melodiak islatzen dituzte beraien musikan. “Ithaka” izeneko Ep-a itxi ondoren, soinu eta helmuga desberdinen bila arituko da laukote gipuzkoarra.

68

JULEN

Julen Leturiondo 21 urteko eibartarraren proiektu artistikoa. Bere estiloa definitzeko naturaltasuna, sinpletasuna eta eszenatokian erakusten duen elegantzia aipatzen du. Olatz Salvador edo Anne Lukin bezalako artisten kontzertuak ireki ditu.
Bere ahots eta konposizioetatik haratago, bere gaitasun multinstrumentista eta musikarako dohainak direla medio, Kerobia, Idoia edota nazioarteko artistekin konparatu izan dute musikaria, Bon Iver kasu.
2021ean, Gaztea Maketa Lehiaketako finalerako hautatutako 20 artistetako bat izan zen, eta aurten, Kutxa Kultur Musika programan aukeratu dute. Hortaz gain, esku artean duen beste proiektu garrantzitsuenetariko bat, bere lehen EPa da.

103

LEMAK

Bergaratik eta Antzuolatik datorren hirukotea, pop-rockean aritzen dena. Beren lehen diskoa grabatu dute: Hegikide. Taldeko hiru musikarien izaera eta ideiak jasotzen ditu lanak, eta kanta lasaiak eta kañeroak tartekatzen ditu, konposatzerakoan bizitako une eta aldarte desberdinak islatzen dituztenak.
Gaur egun, zuzeneko emanaldiak eta bandaren nortasuna definitzen jarraituko duten kanta berriak egiteko fase bat uztartzen ari dira.

122

LOVA LOIS

Lova Lois izen artistikoaren atzean, Lola dago (22 urte, Astrabudua). Gehien gustuko duena da olerkiak idatzi eta horiei musika jartzea: bizitakoak eta ikasitakoak jasotzen dituzten kantak egitea.
Harentzat, artea, orokorrean, eta musika, bereziki, arimaren adierazpide gorena dira: pertsonak batzen dituen hizkuntza unibertsala, haien jatorria edozein dela ere.
Abiapuntu horretatik, bidea eginez joan da Lova Lois. Zenbait lokaletan jo du, eta Hiriko Soinuak, Fair Saturday edo Danba Fest bezalako ekitaldietan parte hartu du.

5

MARBAN

Post-punk taldea, Magna moralia (2020, autoekoitzia) lanarekin bere oinarriak ezarri zituena. Lan hartan, garai klasikoko narratiba eta atsekabe soziala konbinatu zituzten.
Estalki gotiko soil baten pean soinu iluna garatu eta gero, Marbanek, orain, kutsu introspektiboagoarekin, nostalgiari eta oinazeari begiratzen die, eta onarpenari eta itxaropenari ere bai. Mármol beren hurrengo lanaren aurrerapena da Una daga kanta.

28

NKO

Gazte santurtziarra. 2020an hasi zen musika argitaratzen, bere inguruko lagun-talde batekin. 2021ean, La V taldean sartu zen (oraindik da kidea), eta, urte berean, urrian, bere lehen albuma argitaratu zuen; Litost.
2022 hasieran, SpaceX singlea aurkeztu zuen, eta, gero, Hollow. Ostean etorri ziren Kirby eta Cybertrip, hurrengo lanaren aurrerapen gisa. Horrez gain, zuzeneko zenbait emanaldi egin zituen, La V taldearekin zein bakarka, Santurtzin, Basaurin eta Bilborocken.

107

SOFIA V

Bilbon bizi den abeslari, konpositore eta ekoizle donostiarra. Bere kanta oso-osoak sortzen ditu, hasieratik amaierara: proiektu introspektibo esperimentalak, bere bizitzaren aldi zehatzei buruzkoak.
Dream Pop edo Frantziar Kanta bezalako estiloak baliatuz, Sofíak bere barruko mundua islatu nahi du, soinu leun, intimo, malenkoniatsu, erromantiko eta etereo baten bidez: mistizismoa irudikatzen duten soinuak eta bokal-harmonia sortu nahi ditu, eta elizen eta katedralen barrualdeak gogorarazten dituzten giroak sortu.
Bilboloop 2021 jaialdia inauguratzeko kontzertuan parte hartu zuen. Freskure programan, Suaverekin batera aritu zen. Eta Arteuparte kultura-zentroan, eta Bilboko Fair Saturday jaialdian kantatu du —Bilborocken, berriro ere—.

105

ZIRIS

Iruñean jaioa, azken urteotan loratu zaion jakin-min artistiko batetik sortu da Ziris, eta arte dramatikoaren eta dantzaren eraginak ere baditu.
Singleren bat ala beste grabatu eta gero, asmo handiagoko proiektu bati ekin zion: bere lehen EPa, Lo que reluce (2021), non soinu desberdinekin eta ahotsarekin esperimentatzea bilatu baitzuen.
2022an, zenbait single aurkeztu zituen, eta erakutsi zuen bere soinuak etengabeko mugimenduan jarraitzen duela. Horra hor Cielo eta Nadie nos mira lanak, Karma C-rekin batera ekoitziak —eta, azkena, Blu Boi artista eta ekoizle valentziarrak birnahasia—.