Jaialdiaren aitzin-etapan, Pre-Zinebin, Bilboko zinema-eskolen erakustaldi bat egiten da, eta bertan Bilboko zinema-eskoletako eta ikus-entzunezkoen prestakuntza-zentroetako ikasleek egindako lanak erakusten dira. Hauek hartzen dute parte: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien eta Arte Ederren fakultateak, Erandioko LHII Tartanga, IMVAL, Anima Eskola eta Euskal Herriko Zinema Eskola (EHZE). Jaialdiak Zinebi New Talent saria ematen dio Bilboko zinema-eskoletan ekoitzitako film labur onenari, 1.000 euroko balioarekin, eta Arriaga Antzokian Zinebi Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian ematen da.
Bilboko zinema-eskola eta ikus-entzunezkoen prestakuntzarako zentro horiek berek, bestalde, Zinebi Express lehiaketarako deialdia egiten dute, 48 orduren buruan gai komun bati buruzko film labur bat egiteko. Gero, sari-ematea egiten da UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, eta lehiaketan finalera iritsitako filmak ematen dira.
Halaber, Euskal Produktoreen Elkarteak (EPE-APV) informazio eta esperientzien elkartrukerako jardunaldi batzuk antolatzen ditu sektoreko ikasle eta profesionalentzat Zinebi Jaialdiaren barruan. Alde batetik, ikus-entzunezkoetan euren proiektuak aurrera ateratzea lortu duten produktore eta errealizadoreen esperientziak aurkezten dira. Bestetik, berriz, topaketa bat burutzen da parte hartzen duten gazteen eta Euskal Herriko ikus-entzunezko industriako sektore profesionaleko hainbat ordezkari eta adituren artean, euren kezkak, bizipenak eta interesak trukatzeko, sinergiak sortu eta era horretan proiektu berriek argia ikus dezaten adore emate aldera. Zinebi-Networking Zinema izen berriko lehiaketa honetan parte-hartzaileek ikus-entzunezko proiektuak aurkezten dituzte, 6.000 euroko sariaren lehian, euren asmoa gauzatzeko baliabide teknikoak eta EPE-APV Euskal Produktoreen Elkartearen aholkularitzaz gain.
Helburuak
- Ikasleei eta errealizadore eta teknikari gazteei aholkatzea euren lehen ikus-entzunezko proiektuak abian jarri eta gauzatzen.
- Lehen ikus-entzunezko proiektuak egitera bultzatzea.
- Burututako ikus-entzunezko proiektuak sustatzea.
- Bilboko eta Euskal Herriko ikus-entzunezko produkzioa bultzatzea.
Populazio hartzailea
- Unibertsitateetako, LHko eta Bilboko zinema eta ikus-entzunezkoen prestaketarako ikastetxe pribatuetako ikasleak.
- Ikus-entzunezkoen sektoreko zuzendari gazteak, produktoreak eta teknikoak, eta talde artistikoak.
Parte hartzen duten beste erakundeak
- Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila
- Kultura Ministerioa (ICAA)
- Bizkaiko Foru Aldundia
- BBK Aretoa
Epea
Azaroaren 3 tik 17ra.
Informazio gehiagorako
Harremanetarako
59. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia (ZINEBI) Azaroaren 3tik 10era, jaialdiaren aitzin-etapan, Pre-Zinebin, Bilboko zinema-eskoletako eta ikus-entzunezko zentroetako ikasleek urte horretan egindako lanak aurkeztu dituzte. Honako hauek hartu dute parte: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien eta Arte Ederren fakultateak, Erandioko LHII Tartanga, IMVAL, Anima Eskola eta Euskal Herriko Zinema Eskola (EHZE). Bertan, Zinebi New Talents sariaren 2. edizioa emango da, onenak 1.000 € jasoko ditu. Era berean, Pre-Zibebik Zinebi-Express Lehiaketa ere antolatu zuen, zinemagileekin topaketak eta Kinki-Exploitation ZINEBI 59 Party jaia; guztira, 9 ekitaldi eta 1.713 bertaratu.
Azaroaren 10etik 17ra Jaialdiaren 59. edizioa egin zen. Bertan, 98 herrialdetako 3.183 film labur aurkeztu ziren, horietako 62k, 32 herrialderen izenean, Lehiaketarako Sekzio Ofiziala osatu zuten. Izan ere, azken horien arten, 16 estatu mailakoak izan ziren (6 film euskaldun barne). Sekzio Ofiziala Arriaga Antzokian eta Azkuna Zentroko Golem Zineman proiektatu zen.
Aldi berean, Espainiako InfoSpain film laburrak eta InfoEuskadi euskal ekoizpenak; ZINEBI FIRST FILM opera prima film luzeen 2.edizioaren lehiaketa, 7.000 euroko ZIFF Saria; Beautiful Docs film labur dokumentalen lagina, Bilbao Sinfoniaren ekoizpena; Euskaditik Bertoko Begiradak/ Miradas euskal film luzeen zikloa, Nazioarteko bi epaimahaietako kideen obren proiekzioa (Nikaraguako Ivan Arguello eta Italiako Silvano Agosti) eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzako saioak. Gainera, omenaldiak ere egon ziren: Bilbon bizi den Ibizako Paco Juan zinemagileari, Carlos Perez Merinero eleberrigile eta errealizadoreari, Los Goliardos antzerki-taldeari eta Bilboko Cancer Moon rock-taldeari. Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpenari buruzko networking saioak egin dira, bai eta publiko berriekin lotutakoak. Horrez gain, Bartzelonatik “Carteles de Cine” liburua aurkeztu da Ignacio Michelenaren eskutik (autorea). 1925ean egindako garai mutuko “Puerto de Bilbao” film laburra berreskuratu da. Edizio honetako Urrezko bi Mikeldi sariak soinu-banden Alberto Iglesias euskal konpositoreari eta Italiako Marco Bellocchio errealizadoreari eman zaizkie.
Guztira, 86 ekitaldi egin dira, 12.343 ikuslerekin.