ACT Jaialdia, Lan Laburren Nazioarteko Jaialdia, Teatrako Teatro Elkarteak antolatzen du BAI (Bizkaiko Antzerki Ikastegia) arte eszenikoen trebakuntzarako zentroarekin batera, eta eskenatoki garaikidean nabarmentzen ari diren artistak sustatzeko plataforma bat izan nahi du, horretarako lehiaketa bat prestatuta. Horrez gainera, parte hartzaileen arteko topaketa eta elkartrukea bultzatu nahi du. Jaialdiaren xedea arte eszenikoetako sortzaile berrien lanak bultzatzea da, eta eszena-proposamen berrientzako erreferentzia-gune izatea, bai profesionalentzat bai, oro har, ikusleentzat. Arte eszenikoetako trebakuntza, nazioartekoekin hartu-emana eta sortze-lan berriak programatzen eta sustatzen ditu.
Urtero eta lau egunez, ACT Jaialdiak mundu osotik etorriak diren sektoreko 100 profesional inguru biltzen ditu Bilbon eta Barakaldon, eta proposamen berritsu eta ausartak aurkezten dituzte, baita egungo arte eszenikoetako nazioarteko panorama islatu ere.

ACT Jaialdiak 3 atal ezberdin ditu: lehiaketa, erakusketa eta programazio pedagogikoa.
Alde batetik, iraupen laburreko lan eszenikoen nazioarteko lehiaketa antolatzen du: geroz indar handiagoa hartzen doazen sortzaileen lan eszeniko laburrak, agertokiko edozein hizkuntzatan (antzerkia, dantza, keinua, zirkua…). Lan horiek lehiaketan sartzen dira, eta, zuzendaritza hoberenari eta interpretazio hoberenari egindako aipamenez gainera, honako sari hauek banatzen dira: ACT saria, lan labur onenari, 2.000 euro, Bilboko BAI zentroan hilabeteko egonaldia eta ACT 2017rako gonbidapena dituena; ACT DURI Theatre, nazioartean goraka doan artista hoberenarentzat, Seuleko (Korea) DURI Dance Theatre-n emankizun baterako aukera duena; eta ACT BAD saria, zeinak Bilboko BAD Jaialdian 2.000 euroko cachea duen emankizuna eskaintzeko aukera ematen baitu.

Jaialdiak, bestetik, erakusketa programa bat du, eta aurreko urteko ekitaldiaren eta ACTk Birmminghameko Be Jaialdian ematen duen sariaren irabazleak erakusten ditu, formatu ezberdinetako lanak eta duten ausartasunagatik lurralde honetako zirkuituetan aukerarik ez duten lanak, eta baita beteranoak izateagatik lehiaketara aurkeztu ezin diren sortzaileen piezak ere.

Azkenik, ACTk Europa mailan arte eszenikoa erakusten aritzen diren zentroen arteko hartu-eman eremu bat sendotu nahi du, ezagutzak, metodologiak eta egindako lanak parteka daitezen. Hori dela eta, programa pedagogiko bat eskaintzen du trebakuntzarako hainbat tailerrekin, zeinetan nazioarteko profesionalek ikastaroak eta master eskolak ematen dituzten. Tailerrak jaialdian parte hartzen dutenentzat izateaz gain, arte eszenikoetako profesionalentzat eta ikasleentzat ere badira. Eta ACTmosfera saioak eskaintzen dira, sormen prozesuez hausnartzeko, eta topaketACT, hots, sortzaileen eta kulturako industriaren arteko topaketa informala.

ACT, IYMA (International Young Makers In Action) izeneko europar jaialdi-sareko partaidea da. Sare horrek Europa Creativa programak diruz laguntzen du, hautatutako lanentzako bidaia kostuak merkatuz eta nazioarteko zirkuituan banatzea eta hauspotzea bultzatuz.
BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak bi egoitza ditu, bata Barakaldon, interpretazioaren eta tailerren adarra, eta bestea Bilbon, produkziora, egonaldi artistikoetara eta nazioarteko ikasketetara zuzendua.

Bizkaiko Diputazioak kulturaren zabalkundean lehentasuneko kultur intereseko jarduera gisa aitortu izan du ACT 2013tik.

Helburuak

  • Ezsena-sortzaile berrien lana sustatzea eta zabaltzea jendearen, profesionalen eta komunikabideen aurrean.
  • Proposamen eszeniko berrien erreferentzia-gune izatea.
  • Profesionalen artean eta nazioarteko programatzaileekin topaketa eta elkartrukea bultzatzea.
  • Nabarmentzen ari diren arte eszenikoak bultzatzea.

Populazio hartzailea

  • Jaialdian parte hartzen duten profesionalak.
  • Arte eszenikoen programatzaileak.
  • Arte eszenikoen zaleak.

Epea

Ekainak 7 – 10.

Gazteei zuzendutako ekintza positiboak

  • ACT Saria, lan labur onenari.
  • DURI-ACT Saria, artista berri onenari.

Parte hartzen duten beste erakundeak

  • UPV-EHU
  • Deustuko Unibertsitatea
  • Gazteek boluntariotza egiten duten zenbait entitate publiko eta pribatuak.

Adierazleak

  • Barakaldoko Udala.
  • Bizkaiko Foru Aldundia.
  • Eusko Jaurlaritza.
  • Kultura Ministerioa.

Informazio gehiagorako

ACT

Harremanetarako

martaact@bai-bai.net

XIV ACT Jaialdia

ACT Jaialdiaren hamalaugarren edizioa, Bilboko Kafe Antzokian eta Barakaldo Antzokian, 2017ko ekainaren 7 eta 10 bitartean egin zen.

Jaialdiaren programan 12 antzezlan labur egon ziren lehiaketaren atalean, hainbat diziplina eszenikoren proposamenekin (antzerki testuala, dantza eta performance-a).
Bestalde, erakustaldiaren alorrean, 4 antzezlan programatu ziren, hurrengo hauek barruan hartuta: 2016ko Interpretari onenaren Aipamenaren antzezlan-irabazlea; 2016ko Birminghameko Jaialdiaren ACT Sariaren antzezlan-irabazlea; BAI Eskola ikastaroaren ikasleen antzezlan bat; eta 2016ko ACT Sariaren irabazlearen antzezlan bat.

Jaialdi honetan 300 proposamen baino gehiago jaso ziren, horietatik 179 nazioartekoak izan ziren eta, 142, berriz, Estatutik heldutakoak. Hala, hurrengo herrialdeetako antzezlanak aukeratu zituzten: Korea, Italia, Polonia, Lituania, Erresuma Batua, Iran, Belgika, Alemania eta Holanda. Horrez gain, Estatukoen artean, Kanarietatik, Madriletik, Kataluniatik eta Euskal Autonomia Erkidegotik.

SARIAK:
2017ko ACT Saria, 2.000 euro, Kataluniako Los Moñekos antzerki-taldearen esku geratu zen.
ACT-Duri Korea Saria, gorabidean dagoen nazioarteko artista onenarentzat, Seuleko Duri Dance Theatre antzokiarekin elkarlanean, Angela eta Koldo kataluniar artistentzat.
ACT-BAD BIlbao Saria Suitza Unplush antzerki-taldearentzat.
Gainera, dokumentala proiektatu zen eta Guggenheim Museoan masterclass bat eskaini zuten. Horrez gain, prestakuntzako 3 tailer egin ziren arte eszenikoen alorrean, Barakaldo Antzokian.

ACTmosfera topagunea izan genuen berriro, Bilbao Baila dantza-estudioan. Espazio hori programatzaileek, parte-hartzaileek eta ikusleek esperientziak eta ezagutzak partekatzeko dinamikak izan ditzaten antolatuta dago. Bertan eduki zuten bigarren egunez sektoreko artista eta profesionalekin topaketa bat eta gainerako egunetan antzerki-taldeen arteko feedback-saioak egon ziren, tarte batez haien lan, proposamen eta planak azaltzeko.