Programa honen helburua larrialdizko ekintza egitea da, Bilbon bizi izanik genero-indarkeria egoeretan dauden emakumeei arreta pertsonal, jarraitu, espezializatu, oso eta koordinatua eskaintzeko.
Zerbitzu hau Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaien Sailak, Gizarte Ekintza Sailak eta Segurtasun Sailak eskaintzen dute. Horretarako, polizia-babesa eta arreta, larrialdizko arreta sozial espezializatua, laguntza juridiko eta psikologikoa, laguntza-baliabideak, bizileku-baliabideak eta dirulaguntzak koordinatzen dituzte.
Zerbitzu honen printzipioak berdintasuna, aniztasuna errespetatzea, prebenitzea, parte hartzea eta eraginkortasuna dira.
2009. urtetik Bilboko Udaletxeak Genero-indarkeriarentzako Arreta-Zerbitzuen Gutuna dauka, AENORrek onetsia eta ziurtatua. Bertan aipatutako hiru Sailak daude. Bertan, arretaren koordinazioa eta kalitatea indartzen duten udal konpromisoak ageri dira. Konpromiso hauek urtean behin neurtzen dira, gero udaleko webgunean argitaratzen diren adierazle batzuen bidez.
Helburuak
Helburua emakumeek burujabetze pertsonala eta indarkeria bako bizitza libre eta autonomoa lortzea da. Horretarako, asmoa da emakumeak egoeraz jabetzea, euren eskubideak ezagutzea eta dituzten baliabideak jakitea, euren buruaz jabetzeko eta indarkeriabako bizitza librea lortzeko prozesua abian jartzeko gai izan daitezen.
Populazio hartzailea
Programa hau Bilboko emakume guztiei zuzenduta dago, haien adina, jatorria, orientabide sexuala, funtzio-dibertsitatea edozein izanda ere.
Epea
Urte osoan zehar.
Parte hartzen duten beste erakundeak
- Gizarte-Ekintza Saila
- Segurtasun Saila
- Kalitate Saila (zerbitzu karta – Genero indarkeria jasaten duten emakumeentzako arreta)
Informazio gehiagorako
Harremanetarako
944204838
Bilboko Udalaren oinarrizko printzipioetako bat du andrazkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasun egingarria, udalerriko giza eta gizarte arloko garapenerako adierazle gisa ulertuta. Horrez gain, Bilbon gizarte bidezkoagoa eraiki nahi du, norbere jatorria (arraza, etnia, erlijioa, aniztasun funtzionala, sexu arloko orientabide edo identitatea, etab.) bilbotar guztiek eskubideak (zibilak, politikoak, ekonomikoak, gizarte arlokoak, kulturalak eta gainerako oinarrizkoak) berdintasunean gauzatzea bermatuta edukitzeko.
Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak Sailaren politika publikoetan sartu da genero-indarkeriaren prebentzio eta arreta. Hala, arazo hori gizartean oraindik dirauen andrazkoen eta gizonezkoen arteko egiturazko berdintasunik ezaren muturreko adierazpen nagusia delakoan dago. Andrazkoen kontrako indarkeria, bai arlo pribatukoa, bai jendaurrekoa, gizarte eta osasun publikoaren alorreko arazoa da eta, horren ondorioz, Udal honek, herri-erakunde gisa dituen eskumenen baitan, genero-indarkeriaren prebentzio eta arretan planak eta programak diseinatu, antolatu, ezarri eta koordinatzeko konpromisoa hartu du bere gain, Bilbon andrazkoenganako inolako indarkeriarik ezartzen ez duen gizarte parekidea eraikitzeko asmoz.
Genero Indarkeriaren arloko Gizarte Zerbitzu Espezifikoaren Arau-esparrua:
Andrazkoen kontrako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurrea hartzeko eta borrokatzeko Europako Kontseiluaren Istanbuleko Ituna.
Genero-indarkeriaren kontrako Babes Integralerako Neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoa.
Andrazkoen eta gizonezkoen arteko Berdintasunaren aldeko 4/2005 legea.
Gizarte Zerbitzuen 12/2008 Legea
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Gizarte Zerbitzu eta Prestazioen Zorroari buruzko Dekretua.
Etxean tratu txarrak edo sexu-erasoak jasan dituzten andrazkoei arreta emateko zerbitzurako Herri-erakundeen arteko II. Hitzarmena.