Bilboko Udalak 2020/2021 ikasturterako 324 ikastaro antolatu ditu horietako batekin gozatzeko; ikastarook kulturaren, berdintasunaren, osasunaren, aisialdiaren nahiz kirolaren inguran izango dira. Bilbotarren aisialdia dinamizatzea, denbora librerako aukera osasungarriak eskaintzea eta ezagupen berriak ikasten laguntzea dute helburu ikastaro hauek.
Orotara, jarraian azaldutako modalitate ezberdinetan banatuta dauden 4.060 plaza eskainiko dira:
- 35 modalitate kulturaren arloan: zeramika, barneen diseinu eta dekorazioa, patchwork-a, akuarela, eskultura, bideo edizioa edota argazkigintza digitala, besteak beste.
- 12 modalitate aisialdiaren eta kirolen arloan: aerobic-a, mantentze-gimnastika, lasaiketa, zumba, luzatze ariketak, yoga edo dantza tropikalak, besteak beste.
- 8 modalitate berdintasunaren arloan: Ikastaro hauek emakumeentzat baino ez dira, eta xedea dute emakumeen formazioa, parte hartze soziala eta boteretzea are eta gehiago handitzea, Bilboko emakume eta gizonen aukera berdintasunaren bidean beste urrats bat eginez aurrera.
- Pertsona adinduentzako osasunaren inguruko ikastaro bat.
Izena aldez aurretik emateko epea irailaren 8an hasiko da, hilaren 18an itxi. Irailaren 24an, ostegunarekin, lekuak esleitzeko zozketa izango da, eta matrikula irailaren 30etik urriaren 14ra arte egin ahalko da.
Ikastaroetarako izapideak Udalaren web orriaren bitartez egin ahalko dira. Interesdunek, argibide gehiago behar izanez gero, 94 4010 010 edo 010 telefonoetara deitu ahal dute, edo Ikastaroen eta Tailerren 2020-2021 Gidan begiratu.
Asmoa da urriaren amaieran edo azaroaren hasieran hastea ikastaroak, kasuan zer dagokion. Segurtasun sanitarioko neurri guztiak beteko dira, unean-unean nahitaezkoak direnak, hala nola parte hartzaileen kopuruaren muga. Beharrezkoa izanez gero, eskainitako ikastaro eta plaza guztiak, bai eta horien hasiera-datak ere, aldatu edota ezeztatu ahal izango dira osasun egoeraren arabera.