ANA MENA, EN TOL SARMIENTO, DANI FERNÁNDEZ, BULEGO, MIKEL URDANGARIN ETA EL DROGAS, 2022KO ASTE NAGUSIRAKO ZIURTATUTA DAUDEN LEHENENGO KONTZERTUAK

Mikel Urdangarin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa, El Drogas, Bulego, Dani Fernández, Ana Mena eta En Tol Sarmiento (ETS) dira Bilboko Udalak 2022ko Aste Nagusirako baieztatu dituen lehenengo kontzertuak. Bilboko Aste Nagusiko lehenengo musika-emanaldiak Abandoibarran eta Europa Parkean izango dira.

Aurreneko kontzertua jaietako lehenengo zapatuan, abuztuaren 20an23:30etik aurrera, egingo da Abandoibarran. Mikel Urdangarin eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa izango ditugu, “100/25 BOS-Mikel Urdangarin” proiektuarekin, Urdangarinen gai ezagunenetako batzuk orkestrara egokituta. Zehatz esateko, kantautore euskaldunaren hamabost abesti egokituko dira.

Astelehenean, abuztuaren 22an, leku eta ordu berean, rock-eko klasiko handi baten txanda izango da: El Drogas. 80ko hamarkadan musikariak sortu zuen Barrikada taldearen 40. urteurrena gomutatzeko, talde nafarraren abestiekin osatutako errepertorioa interpretatuko du.

Eguen gauean, abuztuak 25Bulego talde euskaldunak jotzen duen pop bizi eta argitsuaren lekuko izango da Abandoibarra. Boskoteari darion energiak eta entzuleak harritzeko gaitasunak euskal musikaren esparruko promesa berrietako bat bihurtzen ditu.

Bariku gauean, hilak 26, Auryn taldeko kide izandakoaren ahots urratua, Dani Fernández, izango dugu Abandoibarran, 23:30ean hasita eta En Tol Sarmiento (ETS) Europa Parkean, 00:00etatik aurrera. Arabako Errioxako boskoteak jendea berotuko du ska dibertigarri eta dantzazaleari esker.

Europa Parkeko aurreneko kontzertua eguaztenean, hilak 24, 00:00etatik aurrera eskainiko du Ana Mena artistak, pop urbanoaren promesa handienetako batek.