Bilboko Udalak, urteko 365 egunetan Bilbo kultur hiria izateko apustuari leial, kultur ekimenez beteriko iraila proposatzen du.
Horrela, Aste Nagusiari agur esan ondoren, Udalak hainbat programa jarriko ditu martxan datozen egunetan, auzokideei hainbat diziplina hurbiltzeko: zirku garaikidea, kaleko antzerkia, musika, arte bisuala, literatura edo folklorea, doan, auzoak agertoki nagusi bihurtuz, askotariko programazio irekia, plurala eta publiko guztientzat diseinatua.
Datozen egunetan abian jarriko diren kultur programak honako hauek dira:
- ESZENA KALERA
- EXPODISTRITO
- DANTZA PLAZETAN
- ZIRKUALDE
- PLAZARIK PLAZA
Horiei BILBAO IZAN programatik proposatutako jarduerak gehitu behar zaizkie, hala nola, Alde Zaharretik gerra zibilaren osteko garaiari buruz egingo diren ‘La Posguerra en la ciudad’ bisitak, (izena emateko epea joan den astelehenean, hilak 28, hasi zen), eta laster iragarriko diren beste batzuk, baita Bidebarieta Kulturgunearen ohiko literatur proposamenak ere, hilaren 13tik aurrera egingo direnak, Ramiro Pinillori bere jaiotzaren mendeurrenean egingo zaion omenaldiarekin hasita.
ESZENA KALERA – Irailaren 1etik 30era
Bilboko auzoetako barruti guztietan egingo diren kale-arteen zirkuitu honek hainbat emanaldi izango ditu: zirkua, pailazoak, haurrentzako dantzaldiak edo ikusle guztientzako antzerkiko emanaldiak.
Ostegun honetan, hilak 1, Solokoetxe auzoan, Idoia López Callejas diziplina anitzeko artistaren Ido LocA Cia konpainiak irekiko du oihala, ‘¡Qué circo de mujer!’ emanaldiarekin. Ordutik aurrera, eta hilaren 30era arte, 20 euskal konpainia ezberdinek 34 emanaldi eskainiko dituzte hiriko 8 barrutietako auzoetan.
EXPODISTRITO – Irailaren 1etik aurrera
Halaber, hilaren 1etik aurrera, Expodistrito programak tokiko artisten erakusketak hurbilduko ditu Barrutiko Udal Zentroetara.
Urtea amaitu arte, hainbat diziplinatako lanak ikusi ahal izango dira, hala nola, pintura eta akuarela, argazkigintza, arte digitala eta naturaren artea. Eskultura ere presente izango da kanpaina honetan, Eskuahaldunak eta Bizkaiko Eskultoreen elkarteen eskutik.
DANTZA PLAZETAN – irailak 10 eta 30
Programa hau urte osoan zehar garatzen da, eta abuztuko etenaldiaren ondoren itzuliko da, hilaren 10ean erromeria batekin Zumarraga plazan Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik eta hilaren 30ean beste hiru jarduerarekin: Santiago plazako ohiko erromeria, dantza erakusketa Zorrotzako pilotalekuan Ibai-Arte Dantza Taldearekin eta Ondalaneko erraldoien kalejira Sarriko auzoan.
ZIRKUALDE – Irailak 23 eta 24
Zirku-arteen azoka hau Errekalden egingo da iraileko laugarren asteburuan. Egun hauetan, Euskal Herriko eta Estatuko konpainiek euren azken obra eta ikuskizunak aurkeztuko dizkiete bilbotarrei Errekaldeko plazan.
Halaber, Zirkualderen esparruan, aste horretan Dantza Bertikalaren I. Topaketa Profesionala egingo da. Bertan, izena eman duten herrialdeetako profesionalentzako tailerrez gain, hitzaldiak eta publikoari irekitako erakusketak ere izango dira.
PLAZARIK PLAZA – Irailak 28 eta 29
Kalejirak zein dantza taldeen emanaldiak eta beste jarduera batzuk izango dira Basurtuko kaleetan zehar. Beti Jai Alai Dantzari Taldearekin batera antolatzen den ekimen honi esker ez da faltako, ohi bezala, beste autonomia erkidego bateko folklore talde gonbidatu bat.
Programa bakoitzari buruzko informazio zehatza laster jakinaraziko da.