Datorren urrian, nazioarteko musikaren industriak Bilbon du hitzordua BIME PRO ekitaldiaren 9. edizioan. Balio-kateak etengabe aldatzen diren orainaldi honetan, sektorearen etorkizunaren gainean hausnartzeko beharrezkoak diren elkarrizketak gauzatzea funtsezkoa dela esan dezakegu.
Foro honen helburua geldialdi hori egitea da, gelditu, eta gaur egungo dinamikak berraztertzeko, datozenei aurrea hartzeko eta indarberrituta berriz aktibatzearren beharrezkoa den batasuna lortzeko. Europako eta Latinoamerikako musika-industriak berriz elkartzeko aukera, pandemiak bi kontinenteen artean ezinbestean jarritako distantzia gainditu ostean, Euskalduna jauregian, urriaren 27an, 28an eta 29an.
Artista-zerrendan lehendik zeuden Raphael, Shirley Manson eta Mala Rodriguezekin batera Bomba Estéreo eta John Acquaviva ere arituko dira. Kolonbiako taldearen buru diren Li Saumet eta Simón Mejía musikariek hitzaldi bat emango dute Camila Saravia eta Daniel Zawadzki beren managerrekin batera, hasiera-hasieratik lan egin baitute elkarrekin musikarien karrera garatzen.
Bestalde, Kanadako DJ, produktore eta artistaren hitzaldiaren ardatza inbertsioa izango da, eta Plus Eight Equity funtsa aurkeztuko du; funts horren aholkulari dira Richie H. eta Ben Turner. Arlo profesionalari dagokionez, sektoreko erreferentez osatutako egitarauan parte hartuko dute honako hauek: J. Balvinen manager diren Fabio Acosta eta Iván Alarcón, RLM enpresako CEO den Rosa Lagarrigue, espainiar sustatzaile mitikoa den Gay Mercader, eta Ed Sheeran musikariaren agentea den Jon Ollier.Horietaz gain, Zoe Gotusso artista argentinarrak hitzaldi bat emango du BIME Campusaren esparruan.
Latinoamerikako industriaren ordezkari ugari bertaratuko dira, 2022ko maiatzean BIME Bogotá ekitaldiaren lehen edizioaren aurrekari ezin hobea izanik.
MUSIKAK GURE INGURUNEAN DUEN ERAGIN POSITIBOA: BERRIKUNTZA SOINUAN, GIZARTEAN ETA INGURUMENEAN
Edizio honetan hainbat berrikuntza izango dira eta, besteak beste, mahaien ikuspegia % 100 jasangarria eta gizatiarra izango da, bai gizarteko, bai ingurumeneko berrikuntzari garrantzi eta ikusgaitasun handiagoa emateko asmoz. “Musika, gizartea eraldatzeko tresna” panelean, konpromiso sozialak musikaren industriaren barruan duen garrantzia aztertuko da, eta helburu hori lantzen duten hainbat proiektu aurkeztu ere egingo dira.
Gainera, proposamen horrekin batera ekintza solidario bat ere egingo da: ekitaldirako akreditazioa lortzen duten pertsonek edizio honetan parte hartuko duten hiru erakunderi laguntzeko aukera izango dute, dohaintza bat eginez; hain zuzen ere, erakunde hauei: Kataluniako Hardcore Hits Cancer, Euskal Herriko DalecandELA eta Kolonbiako Llorona Records.
Soinua eta musika protagonista izango dituzten mahaiak ere aurkeztuko dira, ingurunean inpaktu positiboa lortzeko ingurumenari dagokionez. Hainbat diziplinatako profesionalak eztabaidan arituko dira soinuaren kanalak gure gizartean eta naturako ekosistemetan duen garrantziari buruz hausnartzeko, betiere diziplina anitzeko ikuspegietatik begiratuta, hala nola musika, zientzia, kultura, teknologia eta osasuna. Gizarte-eremuaren barruan, psikologiari buruzko mahai bat ere izango da aurten, mintzagai nagusia bilakaera psikologikoa eta profesionala ibilbide artistikoan izanik.
Eta ez dagoenez lankidetzarik gabeko berrikuntzarik, aurten, “featuring” esaten zaion horren atzean dagoen guztia ikusgai egiteko tarte bat egongo da, hau da, prozesuaren etapak eta sorreran izaten diren zailtasun eta itxaropenak. Brasilgo Francisco, el hombre taldeko eta Kataluniako La Pegatina taldeko buruek elkarrekin sortu zuten abesti baten “background” guztia azalduko dute; Brasilen eta Espainian urrutitik konposatu eta grabatu zuten abestia 2021. urtean.
MUSIKA-INDUSTRIAREN ORAINALDIA ETA ETORKIZUNA 360º
Aurten, eremua oso-osorik erabili ahal izango da, hau da, ia 7.000 metro karratu, biltzarrak 9. ediziorako lortu duen dimentsiora egokitu ahal izateko. Urtero biltzen diren 3.000 profesionalek espazio handiak izango dituzte edukien eta jardueren eskaintza zabalaz gozatzeko: networking-ak, askotariko gaiak lantzeko 80 panel, speedmeeting-ak eta hainbat tailer, besteak beste, bai presentzialki, bai birtualki eta, aurtengo berrikuntza, baita podcast formatuan ere. Dela plataforma digitala, dela BIME PROren app-a networking-erako prest egongo dira gaurtik hasita.
BIME FESTS atalean artisten kontratazioaren orainaldia eta etorkizuna aztertuko da 4 mahai-ingurutan, eta Erresuma Batuko agenteen ordezkari asko izango dira: Alex Bruford (Managing Director ATC LIVE agentzian –Nick Cave & The Bad Seeds, Metronomy, The Lumineers taldeen agentzia da–), Jon Ollier (CEOa da ONE FIINIX LIVE agentzian –Ed Sheeran artistaren agentea da–), Natasha Gregory (Mother Artists agentziaren sortzaileetako bat –Idles taldearen agentzia–).
“Musikaren industriarekiko sinpatia” panelean, izen berdina duen podcast-aren (“Simpatía por la Industria Musical”) 100. saioa grabatuko da zuzenean. Era berean, prestakuntzan espezializatutako panel bat ere izango da, sektore hori gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari baita musikaren industriaren barruan. Horretaz gain, livestreamingarekin lotutako egile-eskubideei buruz jardungo da, baita sektorean protagonismo handia hartzen ari den tresna bati buruz ere: aktibo digitalak edo NFTak. Belaunaldi berrientzako musika-preskripzioko formatu eta plataforma berriek ere izango dute tarte garrantzitsua programan.
INDUSTRIAK TOPO EGITEN DU BIMEN
AEDEM elkarteak antolatuta, Euskalduna jauregian izango da Musika Edizioaren 1. biltzarra, eta music supervisor ezagunez gain, enpresa global garrantzitsuek ere parte hartuko dute: PRISA, Atresmedia, Altafonte eta Kultura Ministerioa, besteak beste.
Inoiz ez bezalako nazioarteko topaketa bat egingo da lehen aldiz BIME PROn: Music Equality Foruma, hau da, aukera-berdintasunean oinarritutako industria bat lortzeko lanean ari diren nazioko eta nazioarteko ekimen nagusiak bilduko dituen gunea: MIM, Shesaid.so, British Council, Keychange, Ruidosa eta Femnoise erakundeak elkartuko dira foro honetan, beren jarduerek oihartzun handiagoa izan dezaten eta helburu komun baten alde lanean jarraitzeko. Gainera, musika-feria iberoamerikarren topaketaren hirugarren edizioa antolatu dugu: Atlantic Music Conferences Symposium (AMCS); izan ere, kontinenteak konektatzeko gure asmoa berretsi nahi baitugu eta, horretarako, herrialde iberoamerikarretan egiten diren 14 ferietako ordezkariak elkartuko ditugu.
BIME CAMPUS atalean prestakuntza aurreratuko programa bat garatuko da, musikaren sektorearekin lotutako prestakuntza jaso nahi dutenei eta sektore horretan lan egin nahi dutenei begira; gazteek eta ikasleek prezio berezia izango dute sarreran. Horretaz gain, Campus+ bekak jasoko dituzten 24 ikasleak hautatu dituzte jada; horietatik 4 ikasle Mexikotik, 2 Txiletik eta beste 2 Kolonbiatik etorriko dira.
BIME START UP! atalean, musikaren industriako startup disruptiboenak sustatu eta saritzea izango da helburua: 16 startup egongo dira Startup Village erakusketagunean, non aurrez hautatutako proiektuek beren funtzionaltasuna eta zerbitzuak aurkeztu ahal izango dituzten, hazteko eta nazioartekotzerako aukera berriak bilatu eta bertaratzen diren beste profesional ekintzaile, enpresa eta inbertitzaile batzuekin sinergiak sortze aldera.
BIME TECH atalean ekitaldien sektoreko berrikuntza izango da protagonista; mota guztietako soluzio teknikoak ezagutzeko aukera izango dute networking-ean parte hartzen duten bisitari, erakusketari eta host-ek, guztiontzako negozio-aukerak sortuz.
Gainera, Conecta Fiction-ekin elkarlanean, Pitch Music Series lehiaketaren nazioarteko lehen deialdiaren final handia izango da; musika modu originalean erabiltzen dutelako nabarmentzen diren ikus-entzunezko proiektuak saritzea du xede, eta hainbat herrialdetako ekimenak aurkeztu dira, hala nola Espainia, Mexiko, Txile, Argentina, Uruguai, Portugal, Frantzia eta Errusia.
BIME PROk Bilboko Udalaren laguntza eta babesa izan du, beste hainbat erakunde laguntzaileren artean.