BANDA ETA BAKARLARI GAZTEENTZAKO VILLASOUNDBILBAO MUSIKA JAIALDIAREN BIGARREN EDIZIOAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK

Bilboko Udalak abian jarri du VillaSoundBilbao jaialdiaren bigarren edizioaartista gazteen sorkuntzak bultzatu eta sustatzeko eta ikus-entzuleei musika-proposamen askotariko eta egungoak eskaintzeko.

Aurrekoan bezala, edizio berri honetan ere epaimahaiak Bilborocken 4 kontzertutan parte hartuko duten 12 talde hautatuko ditu. Hautatutako 12 bandetatik 6 aukeratuko dituzte prestakuntza-programa batean parte hartzeko; eta, azkenean, batek kontzertu bana emango du Estatuko 4 hiritan.

Kontzertu horietan parte hartu nahi duten bakarlari eta bandek eskabidea egin ahalko dute www.bilbao.eus/bilborock helbidean, 2021eko abenduaren 22tik 2022ko urtarrilaren 31ra bitartean.

Aurreko edizioan bezala, jaialdiak hiru fase izango ditu:

► HASIERAN 12 BANDA HAUTATUKO DITUZTE:

Profesionalen epaimahai batek -Iker Bárbara, Lorea Argarate, Bikendi Cadelo, Mª Jose Aranguren eta Jon Hervás osatuta- 12 banda hautatuko ditu, eta talde horiek 2022ko martxo eta apirilean Bilborocken antolatuko diren 4 kontzertuetako batean joko dute.

Parte hartu ahal izateko, bandako kideek edo bakarlariek 16 eta 30 urte bitartean izan behar dute, eta Euskal Autonomia Erkidegokoak edo Nafarroakoak izan behar dute.

4 kontzertuetako bakoitzean, hautatutako 3 talde arituko dira. Kontzertuak, bestalde, doakoak izango dira, eta sarrera librea izango da, lekua bete arte.

Kontzertuetan parte hartu nahi dutenek beren lanak aurkeztu ahalko dituzte 2021eko abenduaren 22tik 2022ko urtarrilaren 31ra bitarteanwww.bilbao.eus/bilborock helbidean. 2022ko otsail eta martxo artean jakinaraziko dituzte hautatutako taldeak.

Gaur egungo edozein musika mota aurkeztu ahalko da (rocka, popa, metala, trapa, elektronikoa, folka, kantautore-musika…), eta horien arteko fusioak ere bai. Epaimahaiak aintzat hartuko du taldeetan emakumeak egotea eta euskarazko sorkuntzak egitea.

► VSB MENTORING:

Bilborocken 4 kontzertu eman ondoren, horietan parte hartu duten 12 taldeetatik 6 talde hautatuko dituzte VSB MENTORING prestakuntza-programa batean parte hartzeko.

Programa hori 2022ko maiatzetik irailera bitartean garatuko da, eta hautatutako talde edo bakarlarien behar nabarmenetara egokituko da, bandak bultzatzeko eta indartzeko laguntza- eta prestakuntza-programa baten bidez.

Prestakuntza profesionalek emango dute, eta hainbat gai jorratuko dituzte. Hala nola: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideak kudeatzea eta sustatzea, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak.

► VSB TOUR 2022:

Prestakuntza- eta laguntza-aldiaren ondoren, parte hartu duten sei taldeetako bat hautatuko dute estatuko 4 hiritan zeharreko bira batean jotzeko, 2022ko azken hiruhilekoan zehar.

Horren xedea da banden proiekzioa bultzatzea, beste leku batzuetako banda gazteekin sinergiak sortzea, eta pertsonen talentua Bilbotik kanpo ere zabaltzea.