KULTURA, GASTRONOMIA, KIROL ETA FOLKLORE EUSKALDUNAK BILBOKO KALEETARA ITZULIKO DIRA ASTE SANTUAN, BILBAO BASQUE FESTEN EDIZIO BEREZI BATEAN

Apirilaren 5etik 9ra, Bilboko kaleak Bilbao Basque FEST euskal kulturaren jaialdiaren baitan programatutako 200 jarduera baino gehiagoz beteko dira, Bilboko Udalak antolatuak. Bederatzigarren edizioa oso berezia izango da; izan ere, bisitatzen gaituztenek eta Aste Santua hirian pasatzea erabakitzen duten bilbotarrek jaialdiko sei gaiek eskaintzen dituzten esperientziak inolako mugarik gabe gozatu ahal izango dituzte: Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport.

Herri-kirolen probek, produktu gastronomiko onenek, festetan edo kalejiretan eta erromerietan euskal musikak sortzen duen pozak, euskal zinema sari aniztunak edo jaialdian Gargantua estreinatzeak, Bilbo berriz ere euskal nortasuna duen kultura- eta aisialdi-proposamen horren agertoki bihurtzea ekarriko dute. Jaialdiak hiria jarduera ekonomikoko eta bisitariak erakartzeko gune gisa sendotzea lortu du, eta, horrez gain, hiria dinamizatzen du eta Aste Santuan zehar Bilboko merkataritza eta ostalaritza sustatzen ditu.

FESTA ETA MUSIKARAKO ATAL ETA ESPAZIO BERRIAK

MUSIKA Bilbao Basque FEST jaialdiaren elementu garrantzitsuenetako bat da edizio guztietan. Aurtengo kartelean estilo-sorta erakargarria dago; besteak beste, folk, rock, jazz edo pop estiloak entzungo ditugu. Emanaldi berezienetako bat Izar Blue konpainiaren eskutik iritsiko da Azkuna Zentrora. Konpainiaren “Munduko soinuak, visual experience” ikuskizunak hasiera emango dio jaialdiari asteazkenean, apirilaren 5ean, arratsaldeko 19:30ean. Esperientzia murgiltzaile horrek, diziplina anitzeko muntaia eszenikoz, argiztapenaz eta zuzeneko musikaz josia, atal berri bati hasiera emango dio, “Arte-mintzaira berriak” izenburupean.

Bilboko Elkarte Filarmonikoak jaialdian parte hartuko du. Hiriko akustika hoberenetarikoa duen areto horretan, Xabier Aburruzagaren “Aurrez aurre” folk kontzertu bikaina izango da, gaur egungo folkaren erakusle gorena. Kontzertua apirilaren 7an, ostirala, izango da, arratsaldeko 19:00etan.

Aurtengo beste nobedade garrantzitsuenetako bat euskal musikak oso berezkoa duen GAUEKO FESTA lehenengoz ospatzea izango da. Apirilaren 8an, larunbat arratsalde/gauean, musika euskalduna, energia handia eta giro ona ekarriko dizkigu Urrats Erromeria taldeak, gaur egun Euskadiko erromeria garrantzitsuenetako bat.

Bilbao Basque FESTek gaueko eskaintza zabaldu du eta egunero kontzertuak egongo dira LOKALETAN, hala nola Crazy Horsen, Azkena aretoan, Madame Lulun eta Cotton Cluben. “Taberna Live Music” atalaren bidez, Mia Kalo, Vittersweet, Nuclear Dreams, Twin Room edo Bablian artistek ZUZENEKO MUSIKA eskainiko dute.

Rockari dagokionez, Bilbao Basque FEST Kafe Antzokiara itzuliko da beste urte batez, Euskadiko banda onenekin, “Bilbao basque Fest Rock City” izeneko atalaren bidez. Gainera, euskal musika-jaialdi nabarmenak ere aurkeztuko dira atal horretan. Era berean, Martzana kaian eta kaleetan, zenbait DJk janaurrekoa eta arratsaldeak girotuko dituzte zuzeneko musikarekin, “Kaia on set” atalaren baitan.

 

IKUS-ENTZUNEZKO EUSKAL EKOIZPENIK ONENAK

Bilbao Basque FESTek jakin badaki ikus-entzunezkoen euskal sektorea une bikainean dagoela. Sektorea garatzeaz gain, aintzatespena jasotzen ari da, eta, ZINEMA atalaren bidez, aurten hiru Goya sari irabazi dituen “Cinco Lobitos” filma eskainiko du. BBK aretoak emanaldi bat eskainiko du egunero –osteguna, ostirala eta larunbata, 18:00etan–. Emanaldiaren aurretik, honako film labur hauek eskainiko dira: “Maldita”, Film Labur Dokumental Onenaren 2023ko Goya saria; “Cuerdas”, Cannes Jaialdiaren Kritika Astean nabarmendu zuten, Montpellierreko Mediterraneo Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Handia irabazi zuen eta 2023ko Goya sarietan Fikziozko Film Labur Onena kategorian hautagai izan zen; eta “Loop”, Animaziozko Film Labur Onenaren 2023ko Goya saria.

NOBEDADE gisa, aurten familia osoarentzako emanaldiak egingo dira goizetan (12:00etan). Emanaldi horietan, egunero euskaraz ekoitzitako “Hooper oilaskoerbia” filma emango da.

DANTZA, UMOREA, KALE-ANTZERKIA ETA GARGANTUA HISTORIKOAREN ESTREINALDIA

Bilbao Basque FEST sortu zenetik, KULTURA da beste funtsezko elementuetako bat. Jaialdia euskal sustraietan sakontzen da, dantza tradizionalei, antzerkiari, umoreari, historiari eta dantzari lekua egiteko.

Gasaren plaza aurtengo kultur programazioaren erdigunea izango da. Bertan, Kukai Dantza konpainiak “Gelajauziak (fragments)” dantza-lana eskainiko du ostegunean, apirilaren 6an, 20:30ean. Ikuskizun horrek, bi MAX sariren irabazle, gaur egungo agertokiko bi dantzari aparta biltzen ditu: Jon Maya eta Cesc Gelabert. Eszenatoki berean, egun bat geroago, Lekittoko Deabruak taldeak ikus-entzuleak txundituta utziko ditu “Akelarre” ikuskizunarekin. Gaueko ospakizun mitiko horretan, sorginak eta “Akerbeltz” agertuko zaizkigu, musika, sua eta piroteknia-jokoekin nahastuta.

“Euskal zigilua” duen eta umorez jositako antzerkiak Bilborock jaialdiko arratsaldeak eta Ripako kaia bizituko ditu. Hala, “Humor and Basque” Bilborockera itzuliko da ostegunean, apirilaren 6an, “Kiero ser vasco, palabra de catalán” lanarekin, Raül Supervia komikoarena. Katalunian jaio arren, komikoak euskaldun izateko baldintza guztiak betetzen ditu. Ostiralean, apirilaren 7anKolektibo Monstrenkoren txanda helduko da, eta “Espejismo” taularatuko du. Antzezlanak zuzeneko musika testu “epiko” eta poetikoekin konbinatuko du, umorea galdu gabe. Azkenik, larunbatean, apirilaren 8an, María Urzelai, Getari Etxegarai eta Leire Orbe aktoreek ikus-entzuleen barre-algarak piztuko dituzte, “Los cuatro elementos” interpretazioarekin, Ibon Belandia musikariarekin batera. Hiru emanaldiak 20:00etan izango dira.

Umore-eskaintza ostegunean, apirilaren 6an, 18:00etan amaituko da, Trapu Zaharra konpainiaren “Turisteando” kale-antzerki barregarriarekin. Ripako kaian aparkatutako roulotte batetik abiatuko den tramak etxekoandre bat du protagonista. Etxekoandreak itsas bidaia birtual bat irabazten du, eta horri esker irudimena hegan egiten uzten ahal du eta fantasia oso ezohikoak bete.

Bilboko eta Euskal Herriko kulturako pertsonaia mitikoenetako bat, GargantuaBilbao Basque FESTen edizio honetan estreinatuko da. “Haurrak jaten dituen” erraldoi hori Guggenheim Bilbao Museoaren zelaigunean egongo da, Bilboko Txistulari Bandaren eta Gaztediren zuzeneko musikak lagunduta.

AREATZA: GASTRONOMIAREN ETA KIROLAREN EPIZENTROA

Areatza izango da berriz ere Aste Santuko euskal jaiaren epizentroa, GOURMET, MARKET eta SPORT atalekin. Gourmet Txokoa karparen 1.500 m2-ak benetako plazera izango dira berriz ere ikusmenerako, ahorako eta usaimenerako. Jendeak Euskadiko dozena turismo-eskualderen zero kilometroko produkturik onenak dastatu eta erosi ahal izango ditu. Besteak beste, Idiazabal gazta, Ezpeletako piperrak, Urigoitiko txorizoa, Uribe Jataondoko garagardoak, txakolina eta izozkiak, Tolosaldeko txokolatea eta eztia, Urdaibaiko txakolina eta hegaluzea, Enkarterriko ore amako ogia eta Arabako Errioxako ardoa dastatu eta erosi ahal izango dira.

Gourmet Txokoko jarduera maiteenetako bat, 25 produkturen DASTATZE ESPRESAK, 900 pertsona baino gehiagorentzat egongo dira eskuragarri. Era berean, 45 minutuko sukaldaritza-tailerrak egongo dira 400 lagun baino gehiagorentzat. Tailerretan, jendeak hegaluze brotxetak, Arabako patata pintxoak, Gernikako arrautza eta piper pintxoak edo gilda ezagunak egiten ikasiko du.

Karparen ondoan, publikoak gehien txalotzen dituen jarduerak egongo dira: herri-kirolak. Ingude altxatzea, harri jasotzea, sokatira, txinga eramatea eta trontza dira, besteak beste, Areatzan ikusgai egongo diren probetako batzuk. Proba horiek apirilaren 6an hasiko dira, ostegunean, 12:30ean, emakumezkoen eta gizonezkoen Bizkaiko Orga Txapelketa Ofizialarekin. Gainera, zortzi urtetik gorakoentzako hainbat tailer egingo dira, apirilaren 6tik (osteguna) apirilaren 9ra arte (larunbata), 12:30ean eta 17:30ean.

KLASIKO ARRAKASTATSUENAK ETA EZINBESTEKO IKUSKIZUNAK

“Bilboko anfitrioien” ibilbideak Bilbao Basque FESTen jende gehien biltzen duten jardueretako bat diraAntzerti formako ibilbide horiek Bilboko historia umore-ukitu batekin ezagutzeko aukera ematen dute, Alde Zaharreko eta Areatzako kale nagusietan barrena. Jaialdiaren beste ibilbide berezi bat Mirentxu eta Begotxurekin egiten diren itsasontzi-ibilaldiak dira. Oraingo honetan, bikote komikoak Frantziako Tourra Bilbora iristen denerako antolatu duen plan burugabea partekatuko digu.

Aurten, HAURRENTZAKO JARDUERAK Casilda Iturrizar parkean egingo dira. Bilboko berdegune enblematiko horretan zirku-tailerrak egingo dira malabarismoa eta akrobaziak egiten ikasteko, piratak, pailazoak eta errege-erregina eroak protagonista dituzten antzerki-saioak egingo dira eta Eskape Park handi bat egongo da, Bilboko Zabalguneko historia eta pertsonaia adierazgarrienak ezagutzeko.

Iaz izan zuen arrakastaren ondoren, Etxebarria parkean ARTZAIN TXAPELKETA egingo da berriro. Lehiaketa horretan, artzain-txakurrek artaldeak zuzentzeko duten zalutasuna eta diziplina erakutsiko dituzte. Igandean, apirilaren 9an, 12:00etan, izango da txakurren eta artzainen txanda.

Bilbao Basque FESTen ohikoa den bezala, jaia hiriko txoko guzti-guztietara iritsiko da kalejira eta erromeriei esker. Kalejirarik bizienak Bilboko erdigunean zehar ibiliko dira, eta Poza Lizentziatuaren, Villarias, Ledesma eta García Rivero kaleak energiaz beteko dituzte Gaztedi, Lorratz eta Los Bilbotxeros taldeek, apirilaren 6tik (osteguna) apirilaren 8ra (larunbata) arte, 13:00etan. Bestalde, Gasaren plazako erromeriek euskal dantzetako hasiberriak eta adituak bilduko dituzte arratsaldero, 19:00etan.

Eta, urtero bezala, Bilbao Basque FESTen azken jardueretako batek Artxanda izango du protagonista. Igandean, apirilaren 9an, 12:00etan, dantza tradizionalak, musikarik onena eta sagardoa dastatzeko aukera egongo dira.

BILBAO BASQUE FEST ZIFRETAN

Bilbao Basque FEST euskal kulturaren jaialdiaren bost egunak eta eskaintzen dituen sei gaiak –Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport– hiriko 30 espaziotan banatuko dira. Aurten bederatzigarren edizioa ospatuko duen jaialdi honi esker, Bilbo turismorako erreferentziazko lekua da Aste Santuan.

360 jatetxek, tabernek, denda espezializatuk eta abarrek hartuko dute parte aurtengo edizioan. 200 jarduera baino gehiago egingo dira, 230 artistek parte hartuko dute eta 150 pertsona lanean arituko dira jaialdia egiteko eta gauzatzeko.

Jendeak honako jarduera hauetaz gozatzeko aukera izango du, besteak beste: musika, dantza eta antzerkiko 69 ikuskizun, euskal kiroleko 25 jarduera, zero kilometroko produktuen 900 dastatze espres baino gehiago eta 400 tailer gastronomiko baino gehiago.

Gainera, Bilboko Udalak euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko 15.000 informazio-liburuxka banatuko ditu, jarduerei eta ordutegiei buruzko xehetasun guztiekin eta herritarrentzako informazio erabilgarriarekin.

Hemen duzu Aste Santuan Bilbon B