Bilboko Udalak “Antzespe” jarri du martxan, arte eszenikoak sustatzeko proiektu berri bat, Esperantzako udal-ekipamenduan haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko programazioan txertatuko dena. “Antzespe” Bilboko Udalaren eta Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.
Antzerkia eta dantza –arte eszenikoak oro har– estrategia hezitzaile, ludiko, berritzaile, zeharkako eta diziplina anitzeko bat dira. Irudimena, sormena, gaitasun kritikoa, komunikazio-trebetasunak eta enpatia sustatzen dituzte; ingurune seguru batean emozioak esploratzeko eta adierazteko aukera ematen dute, eta bestelako gaitasunen ikaskuntza indartzen laguntzen dute, hala nola irakurriaren ulermena edo teknologia. Udalak “Antzespe” sartu du Esperantzan, espazio horretan garatzen ari diren lan-ildoetako batean: “Gorputza-El cuerpo y las emociones“.
Azaroaren 8an eta 9an, 2025eko ekainera arte, bi ikastaro egingo dira bertan. Lehena, Kideguneren erabiltzaileei zuzendua (9-11 urte), eta bestea, 12-17 urte bitarteko gazteentzat. Azken hori larunbatetan izango da, 11:00etatik 13:00etara, eta izena emateko epea urriaren 28an hasiko da, plazak agortu arte (15 gazterentzako lekua dago). Interesdunek GazteKLUBA Txartela eduki behar dute. Izena emateko, mezu elektroniko bat bidali behar dute esperantza@bilbao.eus helbidera.
Ikastaroak euskaraz izango dira, eta Arnatz Puertasek eta Luix Mitxelenak emango dituzte, Dantzertin ikasi duten bi profesional gazte. Ikastaro horien helburuen artean daude sormena sustatzea, konfiantza garatzea, gorputz- eta ahots-komunikazioa hobetzea, talde-lana bultzatzea eta enpatia sustatzea. Gainera, arte eszenikoak barrutik ezagutaraziko dira, jarduera osagarriekin: jantzien diseinua, eszenografia, argiztapena, etab. Ikastaro bakoitza parte-hartzaileek egindako azken pieza batekin amaituko da.