Bilboko Udalak “Greet the Green” erakusketa inauguratuko du ostiralean, ekainak 26, 18:00etan, La Perreran. Konekta Ideiak programaren barruan hautatua izan da proiektua, eta herritarren berrikuntzarako eta gizarte-ekintzailetzarako laborategiaren klabean jarduten du programa honek, 2030 Agendaren helburuen inguruan. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.
Bilboko Udalak laguntza-prozesua eskaini dio proiektuaren sustatzaile gazteari, aisialdi iraunkorraren eremuan proiektuak garatzera bideratua, gazteen parte-hartzea sustatuz eta gizarte- eta ingurumen-inpaktua duten ekimenak abiaraziz. Konekta Ideiak – Green Kaleak elkartearen esparruan, Global Shapers Bilbao gazte-elkarteak garatu du idazkaritza teknikoa, eta sei hilabetez lagundu dio proiektuari, Martinekin banakako mentorizazioaren bidez, sektoreko profesionalekin konektatuz eta hura garatzen eta ezartzen lagunduz.
Martin del Bustok (Bilbo, 1999) bultzatutako ekimen honek argazkigintza hiriaren eta berdeen arteko harremana modu garaikidean aztertzeko tresna gisa ulertzen du, eta hiriko parkeak argazkiaren eta begirada botanikoaren bidez berraurkitzea proposatzen du. Proiektuak geldialdia egitera, gertutik behatzera eta Casilda Iturrizar, Etxebarria edo Ibaieder bezalako espazioen landare-aniztasunarekin konektatzera gonbidatzen gaitu, hiri-ingurunean bizitzeko modu kontzienteagoa aldarrikatuz.
“Greet The Green” erakusketa ekainaren 27, 29 eta 30ean bisitatu ahal izango da La Perreran, 09:00etatik 20:30era, eta uztailaren 1, 2, 3, 6, 7, 8, 9, 10 eta 13an, 08:30etik 14:00etara. Ekainaren 28an eta uztailaren 4, 5, 11 eta 12an itxita egongo da.
Argazki-erakusketa honek Bilboko parke eta berdeguneei balioa ematen die, ez bakarrik igarobide gisa, baita topaleku, identitate eta ongizaterako gune gisa ere. Testuez lagundutako irudi batzuen bidez, proiektuak espazio bakoitza testuinguruan kokatzen du, eta bere ingurumen-, gizarte- eta aisialdirako erabilera-balioa indartzen du.
Martin del Busto artista bisuala da, eta haren praktika argazkigintzatik abiatzen da, baina haratago doa, testurei balioa ematen dieten teknika eta euskarriekin esperimentazioan zentratutako lan bat garatuz. Bere obra naturaren eta hiri-ingurunearen arteko bikoiztasunak markatzen du.
