LA PERRERA EKIPAMENDUAK TALENTU GAZTEAREN ALDEKO APUSTUA INDARTU DU BALIABIDE, PROGRAMA ETA ESPAZIO BERRIEKIN

  • Gazteentzako udal-ekipamenduak adimen artifiziala, ongizate emozionala, ehungintzaren jasangarritasuna eta komunitatearen eraikuntza ardatz dituzten egonaldi bi izango ditu.
  • La Perrerak zerbitzu berria estreinatuko du gazteei materiala maileguan doan lagatzeko, proiektu eta ekimen sortzaileen garapena errazteko.
  • Udazkeneko programazioan sortzen ari diren teknologiekin, pentsamendu kritikoarekin, gizarte-berrikuntzarekin eta gazteen parte-hartzearekin lotutako jarduera eta tailer berriak sartuko dira.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak La Perrera eraikineko udazkeneko programazioaren berrikuntzak aurkeztu ditu gaur goizean prentsaurrekoan. Bilboko Udalak gizarte-berrikuntzari, sormenari eta sortzen ari diren teknologiei lotutako baliabide, programa eta esperimentazio-espazio berriekin ekin dio berriro ikasturteari, gazte bilbotarren talentua bultzatzeko, laguntzeko eta sustatzeko.

Berrikuntza nagusien artean, Egonaldien Programa bat abian jartzea nabarmentzen da. 2026ko urritik abendura bitartean, berrikuntzan, zientzian eta teknologian espezializatutako soziologo batek “AA, gazteria eta ongizate emozionala” egonaldia egingo do, hau da, adimen artifiziala (AA) gazteen artean entzuteko eta laguntza emozionala emateko espazio gisa erabiltzeari buruzko ikerketa. Proiektuak AA esperimental baten funtzionamendu-arauen diseinuan aktiboki parte hartzea planteatzen du, eta konfiantzari, pribatutasunari eta tresna horien mugei buruzko hausnarketa kritikoa sustatuko du.

Era berean, diseinatzaile industrial batek “Ehungintza, jasangarritasuna eta komunitatea” egonaldia (2026ko urritik 2027ko otsailera) bultzatuko du Konekta Ideiak Green Glam udal-programaren barruan. Proiektu horrek Bilbon sortutako ehun-hondakinak eta Bizkaiko ganadutegietako artilea altzari-pieza eta osagarri jasangarri bihurtuko ditu. Ekimenaren helburua da ekonomia zirkularra sustatzea, gauzak berrerabiltzeko teknika tradizionalak berreskuratzea eta hiriaren eta landa-ingurunearen arteko loturak indartzea, herritarrei irekitako lankidetza-prozesuen bidez.

Gainera, La Perrerak zerbitzu berria estreinatuko du 18 urtetik gorako gazteei materiala maileguan doan lagatzeko, proiektu eta ekimen sortzaileen garapena errazteko. Zerbitzuak hainbat baliabide eskaintzen dizkie, besteak beste, brikolajeko tresnak, josteko makinak eta ikus-entzunezko materiala. Eskaerak aurrez aurre egin ahal izango dira, La Perrerako Maker Gunean (Sabino Arana 50), zapatuetan 17:00etatik 20:30era, edo eskaera-inprimakia laperrera@bilbao.eus helbide elektronikora bidalita.

Bigarren urtez jarraian, azaroaren 20tik 28ra, Robotikaren Europako Astea dela-eta, La Perrera espazioan programazio berezi bat izango da, jarduera-eskaintza zabal baten bidez deskubritu, esperimentatu eta sortzeko aukera bat. Helburua da zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikaren (STEAM) inguruko interesa sustatzea eta diziplina horiek gazteei eta, oro har, herritarrei eskaintzen dizkieten aukerak ezagutaraztea.

Programan hauek sartuko dira: Hackathon bat, robotikaren arloko nazioarteko eta tokiko erreferenteekin topaketak, mahai-inguru bat, irakasleei zuzendutako STEAM prestakuntza-jardunaldi bat, STEAM bokazioen azoka bat, 18 urtetik gorakoentzako robotikari eta adimen fisiko artifizialari buruzko tailer espezializatuak, prototipatu robotikoa eta sormen aplikatua, bai eta herritarrei irekitako jardunaldi bat ere, tailerrak, erakustaldiak eta ginkana teknologiko bat dituena. Jarduerak hiriko 10 udal-gazteguneetara ere hedatuko dira, robotika Bilboko barruti guztietara hurbiltzeko.

Belaunaldien arteko proposamenek ere leku nabarmena izango dute udazkeneko programazioan. Esparru horretan, Filandón ekimenaren hirugarren edizioa egingo da. Ekimen horrek elkarrekin ehuntzeko, josteko edo brodatzeko topaketa komunitarioen tradizioa berreskuratu du, eta belaunaldien arteko esperientzien eta jakintzen trukea errazten du.Gainera, Duara Lab-ekin lankidetzan, ehunak biomaterialekin eta joste-teknikekin esperimentatzeko, konpontzeko eta eraldatzeko tailerrak antolatuko dira, sormena, jasangarritasuna eta komunitatearen eraikuntza sustatzeko.

La Perrera eraikinak indartu egingo du, denboraldian zehar, talentu gaztearen aldeko apustua, teknologia, sormena eta gizarte-berrikuntza integratzen dituen programazio baten bidez. Programatutako tailerrek eta jarduerek aukera emango diete gazteei robotika, adimen artifiziala, fabrikazio digitala, ikus-entzunezko sorkuntza, diseinua, jasangarritasuna edo pentsamendu kritikoa moduko eremuetara hurbiltzeko, gaur egungo erronka sozial eta teknologikoei aurre egiteko konpetentziak eskuratzea erraztuz. Berrikuntza gisa, nabarmentzekoak dira auzoan zehar ibilbide filosofiko bat egitea, nerabeentzako moda- eta bitxigintza-tailer berriak eta Soinu Gela programaren barruan bideoklip bat sortzea.

La Perrerak, gainera, DBHko eta Batxilergoko ikastetxeentzako hezkuntza-programa bat eskaintzen jarraituko du. Programa horretan “Hiri-ortu adimenduna” tailerra dago, ikasleak diseinu eta 3D inprimaketara, nekazaritza bertikalera eta hiri-jasangarritasunari aplikatutako teknologietara hurbiltzeko proposamen bat. Horretarako, maketa bat sortu eta ureztatze adimenduneko sistemak ikasiko dituzte.

Eskuragarri dauden baliabideen artean nabarmentzekoa da Podcast Aretoa, edukiak grabatzeko eta ekoizteko teknologia espezifikoa daukana. Horri esker, Bilboko gazteek eta erakundeek beren proiektuak ikusarazi, ezagutza partekatu eta komunikazio digitalarekin lotutako gaitasun berriak garatu ahal izango dituzte.

Programazio hori ekipamenduan bertan garatzen diren beste baliabide eta proiektu batzuekin osatzen du La Perrerak, hala nola GAZ Bilbao, bere programazioari berrekin baitio. Beste batzuk dira aholkularitza juridikoko zerbitzua, Bilboko Gazte Panela (urriaren amaieran ekingo dio berriro saioei laugarren edizioan) eta Konekta Ideiak Remix Eguna (programaren hainbat ediziotan parte hartu duten gazteak bilduko ditu, esperientziak partekatzeko, konexio berriak sortzeko eta hiriko talentu gaztea ikusarazteko).

“Programa, zerbitzu, jarduera eta partaidetza-espazio horiekin guztiekin, Bilboko Udalak Gazteen Euskal Legean jasotako eta Bilbao Hiri Gaztearen eta Gazteriaren Euskal Estrategiaren esparru estrategikoan sartutako hiru jarduera-ildo nagusiak garatzeko konpromisoa berresten du: gazteen emantzipazioa erraztea, gazteen parte-hartze aktiboa sustatzea eta haien garapen integrala eta ongizatea bermatzea. Horrela, Bilboko gazteek parte hartzeko, berritzeko eta aukerak sortzeko udal-espazio nagusietako bat da La Perrera”, nabarmendu du Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak.

Informazio gehiago: https://bilbaogazte.bilbao.eus/es/konekta/