Bilbao Kirolakek unibertsitarioekin duen konpromesua berritu du, San Mameseko kiroldegia ezagutzera emanez

  • Udalak hitzarmenak ditu EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin, ikasleek abonatu gisa alta eman dezaten eta Bilbao Kirolak-eko 11 kiroldegietara sartu ahal izan daitezen, Bilbon erroldatuta dauden abonatuen baldintza beretan.
  • Ez dute ordaindu beharko izena emateko tarifa, eta, zuzendutako ikastaroetara joanez gero, prezio murriztuak izango dituzte; EHUko ikasleen kasuan, gainera, aukera libreko kredituak lortuko dituzte.
  • San Mameseko kiroldegiak Prama aretoa eta Fitkross aretoa ditu. Gazteentzako eskaintza, modernoa, du, kirola egiteko eta kirol-errendimenduak hobetzeko modu berrietara egokitua.
  • Bilbao Kirolak-ek jardunaldi irekiak antolatu ditu hiritarrek, unibertsitateko ikasleek barne, San Mameseko kiroldegiaren instalazioak eta eskaintza ezagutzeko aukera izan dezaten.

 

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak-en bidez, Bilboko herritarren artean jarduera fisikoa eta kirol-jarduera sustatzearen aldeko apustua egin du, eta arreta berezia jartzen die gazteenei, ariketa ohiko errutinan sar dezaten eta bizimodu osasungarri bihur dadin, haien osasuna eta ongizatea hobetzeko.

Helburu horrekin egiten diren ekintzen barruan, Bilbao Kirolak-ek lankidetza-hitzarmenak berritu ditu Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin, unibertsitarioek Bilbao Kirolak-eko 11 udal-kiroldegietara sartzeko aukera izan dezaten.

Horrela, nahi duten ikasleek Bilbao Kirolak-en abonatutako pertsona gisa alta eman ahal izango dute, Bilbon abonatutako eta erroldatutako pertsonen baldintza beretan: doan sartu ahal izango dira erabilera libreko igerileku eta instalazioetara. Gainera, ez dute ordaindu beharko izena emateko tarifa eta prezio murriztuak izango dituzte ikastaroetan; EHUko ikasleen kasuan, aukera libreko kredituak lortu ahal izango dituzte. Baldintza horiek unibertsitateko langile guztiei aplikatuko zaizkie: irakasleei, administrazioko edo zuzendaritzako langileei, besteak beste.

Alta emateko prozesua unibertsitateko erakundeen web orrietan edo kirol jardueren bulegoetan egiten da.

SAN MAMESEKO KIROLDEGIKO ESKAINTZA

San Mameseko Kiroldegia 2019an inauguratu zen, udal kiroldegien sarean sartu den azkena izan da, eta kirol-jarduera eta -errendimendu berrietara egokitutako eskaintza gaztea eskaintzen du. Gazteenen eskaerari erantzuten dion eskaintza.

50 metroko igerilekua eta wellness eremua -spa, bainu turkiarra eta sauna- ditu, eta Bilbao Kirolak-en abonatuek doan sartu eta erabil ditzakete instalazioak.

San Mameseko kiroldegiak fitness areto bat du, funtzio askotako ariketak egiteko areto birekin: PRAMA aretoa eta Fitkross aretoa, biak metodologia moderno eta aitzindariz hornituak. Horrelako espazioak dituen udal kiroldegi bakarra da.

PRAMA gelaren oinarria ariketa funtzionalak dira, soinu eta argiekin eta zoru eta horma interaktiboekin koordinatuak, erabiltzaileen mugimenduak gidatzeko. Metodologia hau daukan areto bakarra da Bilbo osoan, eta Bizkaiko handiena. Horrela, musika eta teknologia elkartu dira kirolean emaitza hobeak lortzeko.

Gainera, areto honek eskegita entrenatzeko elementuak dauzka. Hain zuzen ere, erabiltzaileek hiru tailer berri egin ditzakete: aerial yoga, aerial pilates eta TRX/eskegita entrenatzea. PRAMA gelan egiten diren jarduerarik berrienetako batzuk hauek dira:

  • Aeroboxing: jarduera aerobiko bizia musikaren erritmoari jarraituta; arte martzial batzuen mugimenduak erabiltzen dira: Kick Boxing, Taekwondo, Boxeoa…
  • Fitness interaktiboa (PRAMA): esperientzia interaktibo honekin, entrenamendua jarduera dibertigarri, motibatzaile eta bizi bihurtzen da; musikak eta argiztapenak lagunduta, koordinazioa, oreka eta bizitasuna hobetuko dituzu, baita indarra, potentzia eta erresistentzia ere.
  • Fitness Fun: gela funtzionaleko elementu guztiak (CARDIO HIIT, PRAMA, TRX) erabiltzen ditu jarduera honek, horrela entrenamendu-saioak arinak, atseginak eta batez ere, dibertigarriak, eginez.

Fitkross aretoak 155 metro karratu ditu oinarrizko gaitasunak lantzeko: erresistentzia, indarra, malgutasuna, potentzia, abiadura, koordinazioa, agilitatea, oreka eta zehaztasuna. Areto honetan, arrasteko elementuak konbinatzen dira barrekin, diskoekin edo pisuekin.

Bilbao Kirolak-ek langile espezializatuak ditu erabiltzaileak gidatzeko eta diziplina ezberdinetako trebeziak irakasteko: gero, bakoitza bere aldetik entrenatuko da, gainbegiratuta, “box libreko” ordutegietan.

Eskaintza osoa, Bilbao Kirolak erakundearen webgunean:www.bilbaokirolak.eus

ATE IREKIEN JARDUNALDIA SAN MAMESEN

Herritarrek, unibertsitateko ikasleek ere bai, San Mameseko kiroldegiako instalazioen eta eskaintzaren berri izan dezaten, Bilbao Kirolak-ek ate irekiko saioak antolatu ditu irailaren 29an eta 30ean (eguaztena eta eguena), 11:00etatik 12:00etara eta arratsaldean, 19:00etatik 20:00etara arte.

Bisita gidatua izango da. Interesdunek ez dute erreserbarik egin beharko, ez eta aldez aurretik izena eman ere, instalazioetara hurbiltzea nahikoa izango da. 15 minutuko bisita izango da eta, gehienez ere, 10 laguneko taldetan egingo dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da.

SARE SOZIALAK