JULEN, ITHAKA, NKO, LOVA LOIS, SOFIA V ETA MARBAN DIRA VILLASOUNDBILBAOKO PRESTAKUNTZA-FASERAKO HAUTATUTAKO BANDAK ETA BAKARLARIAK

Julen (Gipuzkoa), Ithaka (Gipuzkoa), Nko (Bizkaia), Lova Lois (Bizkaia), Sofia V (Bizkaia) eta Marban (Bizkaia) dira VillaSoundBilbaoko prestakuntza-faserako hautatutako 6 taldeak/bakarlariak.

VSB Mentoring programaren xedea da talde eta bakarlariak sustatu eta bultzatzea, tresnak eta aholkularitza espezializatua emanez, euren jarduera profesionalizatu ahal dezaten. Hala, bada, aurtengo irailera arte, hautatuek formazio espezializatua jasoko dute produkzio teknikoaz, komunikazioaz, jabetza intelektualaz edo sustapenaz, besteak beste.

Prestakuntza profesionalek emango diete, eta hainbat gai jorratuko dituzte. Hala nola: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideak kudeatzea eta sustatzea, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak.

Prestakuntza- eta laguntza-aldiaren ondoren, parte hartu duten sei taldeetako bat hautatuko dute VSB TOUR delakoaren hurrengo faserako, zeinetan 4 kontzertu egingo baitituzte estatuko hiri banatan, 2023ko azken hiruhilekoan zehar.

Azken fase horren xedea da banden proiekzioa bultzatzea, beste leku batzuetako banda gazteekin sinergiak sortzea, eta pertsonen talentua Bilbotik kanpo ere zabaltzea.

SARTU VILLASOUND BILBAON

PROFILA. BANDAK/BAKARLARIAK

Hautatutako 6 bandak osatzen dituzten 19 pertsonetatik, 5 emakumezkoak dira, eta, 14, gizonezkoak. Errepertorioan erabiltzen dituzten hizkuntzei dagokienez, gaztelania da nagusi, eta euskara da bigarren. Kideen batez besteko adina 23,6 urtekoa da.

Mentoring fasera igarotzeaz gain, VillaSoundBilbao programak beste sari batzuk banatu ditu, jaialdiaren lehen fasean parte hartu duten 12 banden artean: Aste Nagusia Saria: emanaldi bat datorren Aste Nagusian, bertako rockaren agertokian (Bizkaiko taldeentzat bakarrik): Calathea. Musika Bulegoa Saria: kontzertu bat, Musika Bulegoaren kide den areto batean (babesleak hautatua): Marban. Bilborock Saria: 100 ordu Bilborock-en entsegu-lokaletan (Bizkaiko taldeentzat/bakarlarientzat bakarrik): Hxdesz eta Last Tour Saria: Last Tour enpresak antolatutako ekitaldi/jaialdi batean parte hartzea, epaimahaiak hautatuta —Last Tour enpresak erabakiko du zein ekitalditan/jaialditan izango den emanaldia—: Entropia