BANDA ETA BAKARLARI GAZTEENTZAKO IV. VILLASOUNDBILBAO JAIALDIAN IZENA EMATEKO EPEA IREKI DA, ETA 35 URTERA ARTE ZABALDU DU PARTE HARTZEKO ADINA

Bilboko Udalak IV. VillaSoundBilbao (VSB) jaialdian izena emateko epea ireki du gaur. Jaialdi horren helburua da musikari gazte emergenteak bultzatzea eta laguntzea. Berritasun gisa, parte hartzeko adina 35 urtera arte zabaldu da aurten.

Urtarrilaren 22tik (astelehena) otsailaren 22ra arte, interesa duten artistek www.bilbao.eus/bilborock web-orriaren bidez egin ahalko dute parte hartzeko eskaera. Epaimahaiak Bilborocken 4 kontzertutan joko duten 12 talde hautatuko ditu. Hautatutako bandek prestakuntza-programa batean parte hartuko dute, eta banda horietako batek 4 kontzertuko bira bat egingo du Estatuko zenbait hiritatik.

Lan horiek egungo musika moten artean edozeinetakoak izan ahalko dira (rocka, popa, metala, trapa, elektronikoa, folka, egile musika…), edo haien arteko nahasketa bat. Epaimahaiak aintzat hartuko du taldeetan emakumeak egotea eta euskarazko sorkuntzak egitea.

VillasoundBilbao jaialdiak 3 fase ditu:

  • VSB FEST-ERAKO HAUTAKETA. Epaimahai profesional batek 12 banda edo bakarlari aukeratuko ditu VSB Fest jaialdirako. VSB Fest Bilborocken izango da, apirileko lau eguenetan. Eguen bakoitzean, hautatutako banda eta bakarlarietatik hiruk joko dute. Kontzertuak doakoak izango dira, eta sarrera librea izango da, lekua bete arte. Hautatutako 12 banda eta bakarlariak martxoaren 21ean (eguena) emango dira ezagutzera, Bilborocken egingo den aurkezpen-kontzertu batean.
  • VSB MENTORING. VSB Fest jaialdian, 12 bandek askotariko gaiei buruzko prestakuntza jasoko dute. Bilborockeko VSB Fest-en 4 kontzertuen ondoren, 12 banda eta bakarlarietatik 6 hautatuko dira, mentoretza pertsonalizatuen programa batean eta estudioko saio batean parte har dezaten. Programa hori hautatutako talde eta bakarlarien beharretara egokituko da, laguntzaren eta prestakuntzaren bidez. Laguntza eta prestakuntza hori ospe handiko profesionalek emango dute, eta zenbait gai biltzen ditu, hala nola komunikazioa eta P&R, musika-ekoizpena, jabetza intelektuala eta eskubideen kudeaketa, bookinga, kontzertuak eta birak, ikus-entzunezko baliabideetarako sinkronizazioa eta konposizioa, bai eta enpresa sustatzaileekiko harremana ere.
  • VSB TOUR 2024. 6 bandetako bat hautatua izango da 4 kontzertuko bira bat egiteko Estatuko zenbait hiritan. Bira hori Son Estrella Galicia kontzertu-zikloaren barruan egingo da, eta taldeak kobratu egingo du haren truke. Banda irabazlea maiatzaren 4an (zapatua) iragarriko da, Bilborocken egingo den doako ekitaldi batean. La Paloma taldea izango da ekitaldi horretan. Egun horretan, epaimahaiak honako jarduera hauetarako hautatutako gainerako talde eta bakarlariak ere iragarriko ditu: kontzertu bat Musika Bulegoaren kontzertu-areto elkartu batean –taldeak kobratuko du kontzertua emateagatik–; kontzertu bat Aste Nagusian, Bizkaiko rock taldeei bakarrik eskainitako agertokian; kontzertua bat BIME LIVEren hurrengo edizioan; kontzertu bat Bilbao Basketen partida baten aurreko fan-zone batean, eta ikusleen hautua saria (hau da, bideoklip bat grabatzea Bilborocken entsegu-lokaletan, Lokal Sessions programaren barruan).

Gainera, VillaSoundBilbao jaialdiak musikaren arloa sustatzen duten zenbait erakunderekin duen harremanari esker, baliteke taldeek eta bakarlariek beste kontzertu batzuk eman ahal izatea urtean zehar.

HIRUGARREN EDIZIOAREN BALANTZEA

VillaSoundBilbao jaialdiaren hirugarren edizioan, 78 taldek eta bakarlarik hartu zuten parte. Hautatutako 12en artean, 6 banda Bizkaikoak izan ziren; 4, Gipuzkoakoak; bat, Nafarroakoa, eta bat, Arabakoa. Zehazki, talde hauek hautatu ziren: Sofia V, NKO, Lova Lois, Hxdesz, Marban eta Calathea (Bizkaia), Lemak, Deñe, Julen eta Ithaka (Gipuzkoa), Ziris (Nafarroa) eta Entropia (Araba).

Banda horiek osatzen dituzten 36 pertsonen artean, 9 emakumeak ziren (% 25), eta gainerako 27ak (% 75) gizonak. Kantuetan erabilitako hizkuntzei dagokienez, gaztelania izan zen nagusi (% 53,8), eta, ondoren, euskara (% 38,4), eta ingelesa (% 7,6). Aukeratutako talde eta bakarlarien batez besteko adina 23,6 urtekoa izan zen.

Hautatutako 12 taldeetako 6k Bilborock-en egindako 4 kontzertuen ostean, epaimahaiak Julen,  Ithaka, Nko, Lova Lois, Sofia V eta Marban hautatu zituen profesionalek emandako zenbait saiotan prestakuntza jasotzeko.

Azkenik, epaimahaiak Gipuzkoako Ithaka taldea hautatu zuen VSB Tour 2023 birarako, zeina Estatu osoko areto eta agertoki ospetsuetan gauzatu baita, kontzertu bana emanez Estatuko 4 hiritan.