BILBOKO UDALAK TAILER PRAKTIKOAK ANTOLATU DITU BALKOIAK ETA LEIHOAK BARATZE EKOLOGIKO TXIKI BIHURTZEKO

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak tailer teoriko-praktiko batzuk sortu ditu, etxeetako balkoi eta leihoetan ortuariak eta barazkiak landatzea sustatzeko. “Balkoi jangarriak” izeneko ekimen honekin herritarrak sentsibilizatu nahi dira, gure etxeetan keinu txikiak eginez biodibertsitatea sustatzen laguntzeko.

Tailerrek saio bi izango dituzte: bata teorikoa, Zazpi Kaleetako La Bolsa Udaltegian emango dena, eta bestea praktikoa, Artxandako udal ortuetan egingo dena.

Zati teorikoan, espazio txikietan lantzeko kontzeptuak azalduko dira, hala nola leihoak edo balkoiak. Leku horietan egokienak diren ontzi motak erakutsiko dira, hala nola loreontzi eta lore-askak, landarerik egokienak, substratuak, ureztatzea, ereiteko egutegia, izurriteak, ongarri naturalak, etxeko tratamendu fitosanitarioak edo haziak lortzea eta kontserbatzea.

Saio praktikoan, erabili beharreko materialen ezagutzan, hazitegiak egitean eta laborantzako praktiketan (ereitea, landatzea…) oinarritutako programa garatuko da, izurriteak eta gaixotasunak behatuz eta tratatuz, eta basoko landareak eta fauna osagarria identifikatuz.

Proiektuak deialdi bi izango ditu. Lehenengoa maiatzaren 30ean eta ekainaren 1ean egingo da. Maiatzaren 30ean saio teorikoa egingo da, 18:00etatik 19:30era, Zazpi Kaleetako La Bolsa Udaltegian; ekainaren 1ean saio praktikoa izango da, 11:00etatik 12:30era, Artxandako udal ortuetan. Bigarren deialdia ekainaren 6an eta 11n egingo da. Hilaren 6an saio teorikoa izango da, 18:00etatik 19:30era, eta 11n saio praktikoa, 18:00etatik 19:30era, lehenengo deialdiaren leku berberetan.

Ikastaroa doakoa da, baina izena eman behar da Agenda21@bilbao.eus helbide elektronikoan edo 94 420 43 66 telefonora deituta.