UDALAK ETXEBIZITZA ARLOAN DITUZTEN KEZKAK PARTEKATZERA ANIMATZEN DITU GAZTEAK, GAZ BILBAO-REN KANPAINA BERRIA IREKITZEN DUTEN TAILER BATZUETAN

Bilboko Udalak etxebizitzaren arloan dituzten kezka guztiak partekatzera animatzen ditu gazteak, GAZ Bilbao-k Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK) lankidetzan antolatutako tailer batzuen bidez. Tailer horiek urriaren 2an, 3an eta 4an egingo dira, La Perreran. GAZ Bilbao-k urriaren 7tik aurrera (astelehena) bi astez Bilboko kaleetara aterako duen kanpaina berriaren ataria izango dira topaketa hauek.

Udalak Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailarekin lankidetzan ematen duen zerbitzu bat da GAZ BilbaoOrientazioa, bitartekotza, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkie 16 eta 35 urte bitarteko gazteei beren emantzipazio-prozesuetan, zenbait gaitan, besteak beste, prestakuntza, nazioarteko mugikortasuna, gazteen enplegu-planak, ekintzailetzarako laguntzak eta etxebizitza eskuratzea.

Urteko estreinako seihilekoan, GAZ Bilbaok 1.081 kontsultari eta aholkularitza-eskaerari erantzun die guztira, batez ere etxebizitzarekin eta Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa bultzatzeko sustatutako dirulaguntzekin (hala nola Emantzipa eta Gazte Lagun) zerikusia duten gaiei dagokienez. % 54 zerbitzura hurbildu diren neskak izan dira, 25 eta 29 urte bitartekoak, eta, ondoren, 19 eta 24 urte bitartekoak.

GAZ Bilbao-k programazio zabala ere badu: ikastaroak, Erasmus ikasleekin ingelesez aritzeko irteerak, etxeko konponketa- eta mantentze-teknikak ikasteko tailerrak, edo estresa kontrolatzeko trebetasunak. Urteko lehen seihilekoan 34 jarduera antolatu dira, eta 582 gaztek parte hartu dute haietan.

GAZ BILBAO-K BERE PROGRAMAZIOA ZABALTZEN DU ZERBITZU BERRIEKIN

Ikasturte berrian, GAZ Bilbao ikastetxeetara hurbilduko da, batxilergoko eta erdi- eta goi-mailako lanbide-heziketako ikasleei informazioa zuzenean emateko hainbat gai interesgarriri buruz: bekak eta nazioarteko mugikortasuna, gazteen enplegua sustatzeko programak, ekintzailetzarako laguntzak. Helburua gazteengana hurbiltzea da, eskura dituzten baliabideei buruzko informazioa emateko, haien eskaerak entzuteko eta erakunde eskudunei helarazteko, eta ikastetxeekin lankidetza-aliantzak sortzeko.

Urriaren 2, 3 eta 4an, GAZ Bilbao-k, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK) batera, emantzipazioari buruzko jardunaldi batzuk egingo ditu, gazteei azaltzeko eskura dituzten laguntzak, laguntza horiek nola jaso, edo gurasoen etxetik joateko zer bizitoki-eredu erabil ditzaketen.

  • Urriak 2: etxebizitza-zerbitzu publikoak aurkeztuko dira “Anima zaitez galdetzera!” jardueraren bidez. Bertan parte hartuko dute Alokabidek, Bilboko Udal Etxebizitzak-ek, GAZ Bilbao-k, Surbisak eta Etxebidek.
  • Urriak 3: gazteen emantzipazioari buruzko eztabaida parte-hartzailea egingo da. EGKk parte hartuko du eta ESNk Europako beste etxebizitza-eredu batzuen berri emango du.
  • Urriak 4: giza liburutegi bat egingo da. Dinamika honetan, hainbat etxebizitza-eredu/-esperientzia aurkeztuko dira espazio berean: Gaztelagun, Bilboko Udal Etxebizitzak, Emantzipa, Gazte Solidarioen Programa, PisuBila, Kuvu.

Jarduerak sarrera librekoak izango dira, 18:00etatik 20:00etara, La Perreran.

Era berean, azaroaren aurretik, GAZ Bilbao-k, Bizkaiko Abokatuen Elkargoarekin lankidetzan, lege-aholkularitzako zerbitzu bat jarriko du abian La Perreran duen egoitzan (Sabino Arana, 50), besteak beste lanaren, Gizarte Segurantzaren, zergen, eta etxebizitzaren erosketaren edo alokairuaren arloetan. Zerbitzua gai horietan adituak diren abokatuek emango dute.

GAZ BILBAO KANPAINA BERRIA, URRIAREN 7TIK

Urriaren 7tik aurrera (astelehena), bi astez, beste komunikazio-kanpaina bat hasiko da zerbitzuari buruz, hainbat ekintzaren bidez. Ekintzen artean, nabarmentzekoa da karpa bat jarriko dela Bilboko 5 espaziotan, 9:00etatik 14:00etara. Bertan, hurbiltzen diren gazteek aukera izango dute emantzipazio-prozesuaren funtsezko baliabideei buruz dakitena frogatzeko.  Zerbitzuaren gaiak (etxebizitza, enplegua, prestakuntza eta mugikortasuna) jorratzen dituzten ausazko galderen bitartez, GAZ Bilbao-k eskaintzen dituen baliabideak landuko dira. Galderei behar bezala erantzuten dieten gazteek hainbat sari irabazi ahal izango dituzte.

Karparen kokapena eta datak:

  • Pedro Arrupe zubiaren amaieran, EHUren eta Deustuko Unibertsitatearen liburutegien aurrean (urriaren 7an eta 14an).
  • Intermodalaren plazan, Ñam jatetxearen aurrean (urriaren 8an eta 15ean).
  • Sarrikoko unibertsitatearen sarreran (parkea) (urriaren 9an eta 16an).
  • Bailenen (urriaren 10ean eta 17an).
  • Alhondigako sarrera nagusian. Recalde zumarkalean (urriaren 11n eta 18an)