“KONEKTA IDEIAK: GREENGLAM, MODA JASANGARRIA” UDAL PROGRAMAREN “EHUNGINTZAKO NARRATIBA BERRIAK ESPLORATZEN” ERAKUSKETA INAUGURATU DU UDALAK

  • Erakusketa bihartik, azaroak 19 (asteartea), azaroaren 25era arte bisitatu ahal izango da La Perreran.
  • Udal programako proiektu irabazleak erakutsiko dira: Marta Repáraz eta Martín del Bustoren “Guzedido”, eta Arantxa Esparzaren “Amerikana bat artisau-joskintzako teknikekin egiteko prozesuaren ikerketa, dokumentazioa eta erregistroa”.


Bilboko Udalak
 “Ehungintzako narratiba berriak esploratzen” erakusketa inauguratuko du bihar, asteartea, azaroak 19, La Perreran, “Konekta Ideiak: GreenGlam, moda jasangarria” udal-programaren barruan. Erakusketa aste osoan bisitatu ahal izango da, azaroaren 25era arte.

Marta Repáraz eta Martín del Bustoren “Guzedido”, eta Arantxa Esparzaren “Amerikana bat artisau-joskintzako teknikekin egiteko prozesuaren ikerketa, dokumentazioa eta erregistroa” izan ziren “Konekta Ideiak: Greenglam, moda jasangarria” udal programaren deialdiaren irabazleak. Ideia irabazle horiek sortzaileek 6 hilabetez egindako lanaren azken produktua dira. Prozesu horretan, Bokashi Estudioaren laguntza indibidualizatua izan dute, mentoring teoriko eta praktiko bat, eta erreferentziak eta sektoreko profesionalekiko harremanak. Gainera, 3.000 euroko dotazio bat eskuratu dute, Udalak materialetarako eta ekimena garatzeko behar diren beste elementu batzuetarako emana.

Egindako lan guztiaren bukaera gisa, eta prozesu horren ondoren sortutako piezak erakusteko asmoz, bihar, asteartea, azaroak 19, 19:00etatik 21:00etara, “Ehungintzako narratiba berriak esploratzen” erakusketa inauguratuko da La Perreran. Erakusketan, aipatutako lanak eta ehungintzako bioartearen inguruan Raquel Buj diseinatzaileak egin dituen pieza ezagunetako batzuk egongo dira ikusgai. Goizean, 11:00etan, Raquel Buj material berrietan, artisautza berritzaileetan eta fabrikazio digitalean espezializatutako moda esperimentaleko diseinatzaile eta arkitektoak “Gorputza, materia eta natura” masterclassa emango du, hainbat diziplina nahastuz: artea, dantza, arkitektura eta materialen ikerketa. Jarduera doakoa da, eta izen-emateak Bilbao Gazte webgunearen bidez egin daitezke, plazak agortu arte.

Ehungintzaren munduan ikuspegi tradizionaletik abiatuta materialei dagokienez izan diren aurkikuntzen isla da erakusketa hau. Azpimarratzen du premiazkoa dela gure gorputzetatik irtetea, arreta materialetan jartzeko, materialak eraldatzeko eta kontakizun ekologiko berriak sortzeko dituen aukeretan, hori guztia egungo krisi klimatikoaren testuinguruan.

“GUZEDIDO”

Marta Repáraz eta Martin del Bustok beren arte-diziplinak elkartu dituzte, itsasoarekin lotutako piezak sortzeko. Hala, hainbat obra ikusi ahal izango dira, argazkigintzaren eta modaren arteko mugak lausotzeko ariketa gisa. Fanzine bat ere ondu dute, prozesu osoari buruzko informazio bisual eta grafikoa jasotzen duena.

“AMERIKANA BAT ARTISAU-JOSKINTZAKO TEKNIKEKIN EGITEKO PROZESUAREN IKERKETA, DOKUMENTAZIOA ETA ERREGISTROA”

Arantxa Esparza Juan Antonio Andrade jostun erretiratuarekin aritu da artisau-joskintzaren prozesu tradizionala aztertu eta zaintzeko.   Erakusketaren emaitza gisa, tradizioa eta egungo berrikuntza teknologikoak uztartzen dituzten jantziak sortu ditu. Patroien eta ebakitako ehun-piezen prozesuak ere aztertu ahal izango dira, baita egindako lanaren bideo bat ere.