- Udal ekimen honen helburua da gazteak sentsibilizatzea “moda azkarrak” ingurumenean, gizartean eta ekonomian duen eraginari buruz, moda jasangarriaren euskal sektorera hurbiltzea, eta ehungintzarentzat etorkizun etikoagoa eta orekatuagoa ahalbidetuko duten ekimenak babestea.
- Programaren bigarren edizioa otsailaren 11n hasiko da, 19:00etan, La Perreran. Solasaldi bat eta workshopak egingo dira, eta proiektu-deialdi bat irekiko da, laguntza teknikoa eta logistikoa jasoko duten bi ekimen hautatzeko.
- Miriam Ocáriz diseinatzaile bilbotarra gonbidatuetako bat izango da.
Bilboko Udalak “GreenGlam moda jasangarriaren” bigarren edizioa jarri du abian. Ekimen hori “Konekta Ideiak” udal programaren testuinguruan sortu zen, 2030eko Agendaren helburuen inguruan herritarren berrikuntzarako eta gizarte-ekintzailetzarako laborategi gisa.
Edizio honetan, programak GJHen arteko 12. helburuan (“Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak”) jartzen du arreta, hausnartzeko zer-nolako eragina duen “moda azkarrak“ ingurumenean, gizartean eta ekonomian, eta zer-nolako erantzuna ematen dion horri “moda geldoak“, zeinak moda-kontsumo kontzientea sustatzen baitu, ehungintzaren etorkizun etiko eta orekatuagoa sustatzeko.”
MIRIAM OCÁRIZEK BERE ESPERIENTZIA PARTEKATUKO DU SOLASALDIAN ETA WORKSHOP-EAN
Libe Kerroum eta Laura Marchante Bokashi Estudioko arduradunak dira eta beren gain hartuko dute bigarren edizio honen koordinazioa eta garapena. Proiektuari eskainiko diote biodiseinuaren, birsortze-praktiken eta ekonomia zirkularraren arloko alternatiben esperimentazioan eta zabalkundean duten esperientzia.
Izen-emateak –bai otsailaren 11ko solasaldirako, bai workshop-etarako eta proiektuen deialdirako– BilbaoGazte webgunearen bidez egin ahal izango dira.
Solasaldian honako hauek parte hartuko dute: Arantxa Esparza, lehenengo edizioko proiektuen deialdiaren irabazleetako bat; Miriam Ocáriz, diseinatzaile bilbotar ospetsua, sektorean 20 urtetik gorako esperientzia duena; eta Estela de Miguel, Markel Gonzálezekin batera H05 marka bilbotarraren “Hemen” proiektuko ekoizlea eta zuzendaria (proiektu horretan, janzkiak eta objektuak modu lokalean egiten dituzte).
Workshopak, otsailean eta martxoan, hauen ardurapean egongo dira: Miriam Ocáriz, Estela de Miguel eta Markel González (H05), eta Betiana Pavón diseinatzaile eta ikertzaile argentinarra, biofabrikazioaren arloan lan egiten duena, artea, biologia eta teknologia berriak uztartuz. Parte-hartzaileek moda jasangarriaren euskal sektorearen benetako esperientziak ezagutzeko eta lankidetzan ikasteko aukera izango dute. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, doakoak izango dira eta 17:00etatik 20:00etara egingo dira La Perreran.
Solasaldiaren lehen jardunaldiarekin batera, proiektuen deialdirako ekimenak aurkezteko epea hasiko da, martxoaren 21era arte.Deialdi irekia izango da, eta epaimahai aditu batek modaren eta jasangarritasunaren arloan lan egingo duten bi proiektu hautatuko ditu. Proiektuen aurkezpena esperientzia irekia izango da, eta parte-hartzaileek beren ideiak aurkeztuko dituzte, beste parte-hartzaile batzuekin sinergiak sortzeko aukera emanez. Hautatutako ekimenak gauzatzeko, 6 hilabeteko epea egongo da. Prozesu horretan, banakako laguntza izango dute. Estudio Bokashi-ren mentoretza eskainiko zaie, sektoreko profesionalekiko harremanak eta erreferentziak izango dituzte, eta 3.000 eurorainoko dirulaguntza jasoko dute proiektua garatzeko behar diren materialak finantzatzeko.