Bueltan da Bilborock, eta ekaina, uztaila, abuztua eta irailerako gazteek eta gazteei zuzendutako ekintza ezberdinekin dator bueltan. #BilbaoUda2020 ekimenaren baitan antolatutako jarduerak dira, modu koordinatuan landutakoak, uda honetan Bilbon, besteak beste, kirol, kultura eta musika jarduerak izan daitezen.
Lehenengo ekimena ostiral honetan, ekainaren 12an, izango da. Musika Lokala programaren barruan, Amaia Miranda kantautore bizkaitarrak eta Verde Pratok musika-kontzertua eskainiko dute. Amaia Miranda gitarrista, konpositore, idazle eta argazkilaria da. Verde Prato teklatu batekin, looper batekin eta batez ere ahotsarekin esperimentatzen duen proiektua da. Kontzertua 20:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.
Ekainaren 18an Bilbao You Week ekimenaren txanda izango da. Ateak itxita egingo da eta streaming bidez eskainiko da Bilbao Gazte-ren Youtube-ko kanalean. Ikusleek galderak zuzenean utzi ahal izango dituzte. Alba Vidalek (Koala Rabioso) eta Iban Garciak aurkeztuko dute gala. Sarean dauden ikusleak animatuko dituzte sare sozialak erabil ditzaten, #BYW2020 hashtag-aren bidez ekitaldira konektatzeko.
Uztailaren 2an Bilborock-eko ateak berriro ere zabalduko dira Imaginautak ekimenaren edizio berri bat ospatzeko. Imaginautak elkartea arte arteko kultur mugimendua da, era guztietako sorkuntza artistikoetarako topagune izan nahi du: literatura, dantza, pintura, musika diseinua, besteak beste. Kontzertuak, musikoterapia, film laburrak, poesia, ilustrazioa eta zuzeneko tatuajea izango dira.
4ean, 20:00etatik aurrera eta gonbidapenarekin, Wicked Wizzard talde gonbidatua ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek, Entropia eta Wrec Totem-ekin batera. Hiru kontzertu horiek “Musika Lokala” programaren barruan egingo dira. Gonbidapenak Wicked Wizzard-en Facebook eta Instagram bidez banatuko dira.
Uztailaren 24an, ostirala, 19:00etatik 23:00etara, Bilborock Distart Festival egingo da. Lau neska bilbotarrek egindako jaialdi artistiko bat, emakume artista gazteek hainbat diziplina artistikotako esku-hartzeekin: DJ, makillajea, argazkigintza, pintura, poesia eta tatuajea. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.
Abuztuaren 7an eta irailaren 18an musika izango da protagonista Bilborock-en; alde batetik, NIZE hirukotea, Andrea (gitarra eta ahotsa), Intza (bateria) eta Nikorekin (baxua), eta Arima eta, bestetik, Douleurdolor, Gomez Selava eta Mahoken musika esperimentazio proiektua, eta Suave arituko dira, hurrenez hurren.
Gainera, uztailaren 6tik 12ra, Animakom Fest 2020 eta, 13tik 18ra, 18. Nazioarteko bideoklip eta laburmetraien Caostica jaialdia.
Une oro, segurtasun- eta higiene-arauak errespetatuko dira Bilborock-eko ekipamendu osoan. Bertaratutakoek eserita egon beharko dute, eta gehienez, 80 lagunentzako tokia egongo da. Oraingoz, entsegu-gelak itxita egongo dira. Ekipamenduaren barruan, maskara erabiltzea nahitaezkoa da bertaratzen diren guztientzat, artistentzat eta Bilborock-eko langileentzat.