LA PERRERAK BERE PROGRAMAZIOARI EKINGO DIO, BERRITASUN BATEKIN: IKASTETXEEN BISITAK HARTUKO DITU, HAREN JARDUERA INTEGRALA EZAGUTU DEZATEN

Bilboko Udalak udazkeneko programazioari ekin dio La Perrera Bilboko gazteentzako udal ekipamenduan, zeina Bilbao Gazte STEAMen (hau da, Bilbo talentu-hiri gisa kokatzeko udal estrategiaren) motor bihurtu baita, gazteek zientzia, berrikuntza eta teknologiarako sarbide unibertsala izan dezatela sustatuz.

Udazkeneko denboraldia hasteko, goiz eta arratsaldeko jarduera eta tailer berriak eskainiko ditu La Perrerak, gizarte-berrikuntzari eta teknologia berri eta disruptiboei lotuak. Nobedade bat dakar: Bilboko ikastetxeek bisitatu ahal izango dute, ekipamenduaren jarduera integrala eskola-orduetan ezagutzeko.

UDALAK TALENTU-HARROBIA SORTZEN DU

Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan aritu nahi du La Perrerak, Bilboko gazteei kalitatezko hezkuntza ematen laguntzeko, jatorrian daukan helburu berberarekin: talentu-harrobia sortzea.Ildo horretan, hainbat jarduera eskainiko zaizkie, La Perrera eta bertako instalazioak bisitatzetik zenbait tailer egiteraino (hala nola 3D inprimaketaren hastapenak, podcastak sortzea, hiri-baratze adimendunak eta Pastik Art 3D), jasangarritasuna, birziklapena, sorkuntza artistikoa eta fabrikazio gehigarriko teknologia lantzeko.

10.000 GAZTE BAINO GEHIAGO URTEKO LEHEN SEIHILEKOAN

Bi urte baino gutxiagoan, La Perrera erreferente bihurtu da gazteentzat.   Espazio ireki honetan, informazio interesgarria eskuratu daiteke (Gazte Informaziorako Bulegoa), emantzipazioarekin lotutako gaietan aholkularitza pertsonalizatua lortu (GAZ Bilbao), ideiak eta proiektuak partekatu, gazteen sorkuntza eta ekintzailetza babesteko programetan parte hartu (Konekta Ideiak), ikasi (ikasketa-gela) edo, beste gazte batzuekin batera, Gazteen Tokiko Agenda (Bilboko Gazte Panela) garatzen lagundu. Aurtengo lehen seihilekoan, 12 eta 30 urte arteko 10.000 neska-mutilek baino gehiagok parte hartu dute jarduera eta zerbitzuetan.

La Perrera, bestalde, Bilbao Gazte STEAMen motorra ere bada (S-Science, T-Technologies, E-Engineering, A-Arts, M-Mathematick). Udalaren estrategia horren xedea da Bilbo talentu-hiri gisa kokatzen laguntzea, gazteek zientzia, berrikuntza, sorkuntza eta teknologiarako sarbide unibertsala izan dezaten sustatuz, jasangarritasunarekin eta gizarte-erronkekin konprometitutako kontzientzia kritiko batetik abiatuta.