ABIAN DA BILBOKO GAZTE PANELA 25/26 IZEN-EMATEKO EPEA, GAZTEEN TOKIKO AGENDAREN DISEINUAN PARTE HARTU NAHI DUTEN GAZTEENTZAT.
Aurtengoa hirugarren edizioa duen programa hori finkatzen jarraitzeko asmoz, Bilboko Udalak Bilboko Gazte Panela 25/26 jarri du abian. Udalaren funtzionamendua eta ekintza ezagutzeko, Bilboko gazteen interesak eta kezkak identifikatzeko eta Bilbao Hiri Gaztea 2022/25 Gazteen Tokiko Agendaren esparruan ekintza berriak aktibatzeko diseinatutako partaidetza-gunea da.
Hirugarren edizioa 28 gaztek osatuko dute. Horietako zazpi 2024ko edizioko parte-hartzaileak izango dira eta gainerako hamazazpi gazteak deialdi berriko eskatzaileen artean aukeratuko dira, honako irizpide hauen arabera: adina (18 eta 30 urte artean), sexua, bizitokia, ikasketa-maila, kultura-jatorria eta lan-egoera. Gainera, udalerrian jarduten duten gazte-taldeek eta elkarteek proposatutako beste lau gaztek ere parte hartuko dute.
Interesa dutenek gaurtik, urtarrilaren 8tik 22ra arte eman dezakete izena www.bilbaogazte.eus web orrian.
Bilboko Gazte Panela 25/26 osatzen duten gazteak zenbait lantaldetan banatuko dira, beren interesen arabera, Gazteen Tokiko Agendatik abian jarri ahal izango diren programak eta ekintzak diseinatzeko. 2025eko otsailetik 2026ko ekainera bitartean, hamar saiotan banatuta, taldeek proposamenak egingo dituzte eta beren aurrerapenak partekatuko dituzte, taldearen ikuspegi desberdinak kontrastatuz.
Programa osoa amaitzen duten parte-hartzaileek 750 eurorainoko konpentsazio ekonomikoa jasoko dute; halaber, beren lana garatzeko laguntza teknikoa jasoko dute eta 2.000 eurorainoko poltsa ekonomikoa izango dute beren ekimenak eta proposamenak martxan jartzeko.
2024ko edizioan, Bilboko Gazte Panelak bi proposamen interesgarri garatu ditu 2030eko Tokiko Agendaren esparruan: batetik, programa bat, hala eskatzen duten gazteek beren emozioak kudeatzen ikas dezaten, antzerki-teknikak aplikatuz; eta, bestetik, Konekta Ideiaken ekimen berri bat, ehun ekologista indartzeko eta jai garbi eta ingurumenaren aldetik jasangarrien inguruan gazteak sentsibilizatzeko.