Bilborock-ek 23.urteurrena beteko du apiril honetan

Bilbao Gazte eta Bilborock-eko sare sozialetatik urte hauetan gogokoen izan duzun ekitaldia zein izan den kontatzea eta ikusi dituzun ekitaldien argazkiak partekatzea proposatzen dizugu.

Nahi duenak Bilborock-eko Facebook-ean argitaratuko den post-ari berton bizitako oroitzapen onena kontatzen erantzuten edota eliza honetan bizitako momenturen bat jasotzen duen argazki bat igoz, @bilborockaretoa etiketatuz eta #Bilborock23urte traola erabiliz, zozketan parte har dezake. Parte hartzen dutenen artean Fnac.es-en erosteko 80€-ko bonoa zozketatuko da. Interakzio bakoitza zozketarako txartel bat izango da. Parte hartzeko baldintzak hemen kontsulta ditzakezu.

Azkenengo urteetan Bilborock Bilboko gazteentzako programazio kultural, musikal eta arte eszenikoen espazio bezala sendotu da. Udalak gazte izaera eman nahi izan dio eraikin zahar honi, eta honek dituen ekipamendu guztiak gazteen ekimenen eskura jarri ditu; eszenatokia, entsegu gelak, bilera gelak, proiekzio eta soinu ekipoak, eta abar.

Bilborock-eko Areto Balioaniztunak 6.000 ekitaldi baino gehiago hartu ditu bere baitan azkenengo 23 urteetan; ia 1.900 zuzeneko kontzertu eta 1.500 antzezlan. Besteak zine-emanaldiak, hitzaldiak, tailerrak, aurkezpenak, formakuntza saioak eta orotariko topaketak izan dira.

Orotara, milio bat pertsona baino gehiago pasa dira Bilborock-etik programatutako ekimenetaz gozatzeko. Formatu txikiko topaketak ospatzeko Lab Aretoa erabili dutenak eta zazpi entsegu gelak erabili dituzten musikariak ere kontutan hartuz gero, parte hartzaile kopurua 1.340.000-ra igotzen da.

Urte hauetan zehar bertoko zein nazioarteko hamaika talde igaro dira Bilborock-eko eszenatokitik: Doctor Deseo, Robbie Williams, The Coors, Cristina Rosenvinge, M-Clan, Mojinos Eskozios, Mago de Oz, Rosendo, Amaral, Eskorbuto, Su ta Gar, Mikel Erentxun, Australian Blonde, Gozategi, Los Planetas, MCD, Lehendakaris
Muertos, Narco, Boikot, Antonio Orozco, Chambao, Mala Rodríguez, Pereza, Elefantes, Urtz, Love of Lesbian, Melendi, Kepa Junkera, Zea Mayz, Gatibu eta beste asko.

Arte eszenikoen esparruan ere beste hamaika izan dira gurean: Leo Bassi, Charo López, Silvia Tortosa, Dani Rovira, Agustín Jiménez, Dani Mateo edo Miguel Noguera, besteak beste. Badira hainbat programazio aipamen berezia merezi dutenak: Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketa, Aste Nagusiko Tokiko Pop-Rock Erakustaldia, Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Zinegoak Jaialdia, Bideoklip eta Laburren Nazioarteko Caostica Jaialdia, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia edota Bilbao Musika edo Muzzik, musika eta antzerki eskolak hurrenez hurren, espazioetako ikasleen erakusketak.

Gainera, Bilboko Udalak urtean zehar beste hainbat ekimen antolatu eta sustatzen ditu. Bereziki esanguratsuak dira Bilbao You Week (eduki digitalen sortzaileen topaketa), Zure ekitaldia antolatu, Dj ikastaroa, Dj lehiaketa eta Gazte Egunak bezalako ekimenak.