Bilboko Udalak ekintzaileentzako 93 dirulaguntza eskaintzen ditu, zeintzuetatik 29 30 urtetik beherakoentzat dira

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, enpresa-ideia berrien sustatzaileei laguntzeko eta enpresa-jarduera berriak abian jartzeko dirulaguntzen deialdi batean parte hartzeko hautaketa-prozesua abiarazi du. Prozesu hori Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntza-deialdiaren baitan kokatuta dago (EHAA 117. zk, 2021-06-16), lehia askearen erregimenean.

Guztira 93 plaza emango dira, eta horietatik 81 plaza emango zaizkie ekintzaile izateko gogoa dutenei, enpresa-ideiak garatzeko aukera izan dezaten. Gainerako 12 plazak dagoeneko negozio-plan bat garatuta duten eta enpresa-jarduera berriak abian jarri nahi dituzten pertsonentzat izango dira.

Enpresa-ideien garapenerako dirulaguntzen zenbatekoa 1.000 euro eta 1.300 euro artekoa izango da, eta ordainketa bakar baten bidez ordainduko da. 24 dirulaguntza 30 urtetik beherakoentzat gordeko dira (14 emakumeentzat eta 10 gizonentzat) eta 57 dirulaguntza 30 urtetik gorakoentzat (30 emakumeentzat eta 27 gizonentzat).

Enpresa-jarduera berriak habiarazteko dirulaguntzek 1.500 € edo 1.950 euroko balioa izango dute, eta 30 urtetik beherako bost pertsonari zuzenduta egongo dira (3 emakume eta 2 gizon), baita 30 urtetik gorako zazpi pertsonari ere (4 emakume eta 3 gizon). Ordainketak bi zatitan egingo dira: % 50 laguntza onartzen denean eta % 50 enpresa-jardueren gaineko zergan alta eman ondoren.

Parte hartzeko interesa dutenek BIG Bilbao Udal Ekintzailetza Zentroarekin harremanetan jarri beharko dute, 94 420 53 60 telefono-zenbakian edo big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez.