Badakigu zein talde arituko den VSB Tour egiten!

VillaSoundBilbao jaialdiko epaimahaiak SUAVE bizkaitar taldea hautatu du VSB TOUR bira egin dezan, lau kontzertu emanez Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Donostian, 2021eko azken hiruhilekoan zehar. Kontzertu horietako bakoitzean, SUAVE taldeak hango bertako talde batekin batera joko du.

VSB TOUR-en helburua da hautatutako taldearen eta haren talentuaren proiekzioa eragitea Bilbotik kanpora ere, eta beste hiri batzuetako talde gazte eta ospea hartzen ari diren batzuekiko harremanak eta sinergiak eragitea ere bai.

SUAVE taldeak jaialdiaren fase guztiak gainditu ditu, eta epaimahaiak erabaki du bera izatea Estatuan bira egingo duen taldea.

SUAVE artista-kolektibo bat da, 2020an zehar sortua, eta sorkuntzaren industriako era bateko eta besteko profil profesionalek eratua. Gaur den egunean, musikazkoa da, batik bat, haien proposamena, eta hainbat single dauzkate argitara emanda, eta oraintsu argitaratu dute debuteko beren bilduma, El Diccionario de las Flores izenekoa, bide berriak ireki nahi dituena Euskadiko hiri-musikaren eszenan.

Musika pop-elektronikozko proiektu garaikide eta independente baten moduan definitzen dute beren burua, norabide berri bat eman nahi liokeena euskal urban musikari, proposamen berritzaile eta sormenezkoekin. Argitaratutako abestiak hainbat generotara hurbildu dira, hala nola R&B, indie edo Pop-Rock, eta kolektiboak videoklipak egin ditu haietako batzuen inguruan, berak idatzi eta produzituta.

Hona hemen VSB Tourraren datak eta taldeak:

Abenduak 2 – Sala Independance (Madrid) Suave + L’haine

Abenduak 3 – Sala Laut (Bartzelona) Suave + Caro / Cabiria

Abenduak 17 – Dabadaba (Donosti) Suave + Rusowsky

Abenduak 18 – Loco Club (Valentzia) Suave + Mori / Pup Puppy