BILBAO KIROLAK-EN UDAKO DENBORALDIA DATORREN ZAPATUAN HASIKO DA, EKAINAK 11, HERRITAR GUZTIENTZAKO KANPAINA BATEKIN

Datorren zapatuan, ekainak 11, hasiko da udako denboraldi berria Bilbao Kirolak-en kiroldegietan, Artxandako, Txurdinagako eta Errekaldeko kanpoaldeko igerilekuak irekiko direlarik. Irailaren 11ra arte, kanpoaldeko instalazioak egunero irekiko dira, baita asteburu eta jaiegunetan ere, 10:00etatik 21:00etara, ekainean, uztailean eta abuztuan, eta 20:00etara arte irailean.

Gainera, udan, San Ignazioko eta Zorrotzeko igerileku estaliak ere irekiko dira, uretako aisialdirako gune moduan.

Hala, bada, aurreko bi denboraldietan ez bezala:

  • Abonatuak ez ezik, abonatu gabeak ere sartu ahal izango dira, sarrera edo bonua erosita.
  • Ez da beharrezkoa izango hitzordua instalazioetan sartzeko,
  • Eguzkia hartzeko eremuak (solarium deritzenak) libre izango dira, eta ez dira partzelatuko.
  • Edukiera % 100ekoa izango da, eta, betiko moduan, edukiera osoa betetakoan kontrolatu eta mugatu egingo da , bai solarium inguruan, bai uraren eremuan.
  • Ordea, edukiera jagoteko ohiko eta beharrezko kontrolak ez dira kendu, gehienezko jende kopurua gainditu ez dadin, bai solarium eremuan, bai uraren eremuan. Edonola ere, sarrerak mugatu egingo dira, beharrezkoa izanez gero.

BERRITASUNA: SARRERAK ONLINE ETA ALDEZ AURRETIK EROSTEKO AUKERA

Berritasun moduan, aurten abonatu gabeek aldez aurretik eta errazki erosi ahal izango dituzte sarrerak eta bonuak, www.bilbaokirolak.eus web-orrian.

Hala egin nahi dutenek, hala, berek emandako posta elektronikoan jasoko dute sarrera, eta instalazioetara sartzeko, nahikoa izango dute sarreraren QR kodea igarotzea irakurgailuen gainetik, sarrerak inprimatu beharrik gabe. Erosketa ordaintzeko, banku-txartela edo Bizum ordainketa baliatu ahal izango dira. Sarrera erosita duenak, edukiera bete dela-eta ezin badu instalazioetara sartu, urtean zehar beste edozein unetan erabili ahal izango du.

INSTALAZIOETARA SARTZEKO ESKUTURREKOAK

Bilbao Kirolak-en zerbitzuak modernizatzeko prozesuaren barruan datorren beste berrikuntza bat da herritarrei instalazioetara sartzeko eskuturrekoak eskaintzea. Gailu horrekin, armairuak ireki eta itxi ere egin ahal izango dira, eta eginkizun berriak ere erantsiko zaizkio.

ITXIERA TEKNIKOAK

Bilbao Kirolak-ek udako sasoia baliatuko du ohiko itxialdi teknikoak egiteko, beharrezkoak baitira urteroko mantentze-lanak egiteko.