Badator Aste Nagusia 2022!

Bilboko Udalak Aste Nagusia 2022ren egitaraua jarri du herritarren esku, jai-eskaintza zabalarekin: Juan Mari Aburto alkatearen agurraUdalak antolatutako 400 jarduera baino gehiagori buruzko informazioa, Bilboko Konpartsakek sustatutakoak eta jaiei buruzko beste datu batzuk biltzen ditu liburuxkak.

Bilbotar guztiengana eta Aste Nagusian uria bisitatzen dutenengana heltzeko, Udalak zenbait bide eskaintzen ditu, programatutako jarduerak kontsultatu edo deskargatzeko, beren edukiaren, ordutegiaren eta kokapenaren berri jasotzeko, eta jakiteko ea dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako egokituta dauden, besteak beste.

Bide horietako bat da «Bilbao Aste Nagusia 2022» app ofiziala, aukera ematen duena informazioa berehala jasotzeko gailu mugikor baten bitartez, edozein lekutatik eta edozein unetan. Aplikazioa eskuragarri dago jada, doan, euskaraz eta gaztelaniaz, Android zein iOSerako. Ingeleseko eta frantseseko bertsioa ere badago, Bizkaiko hiriburura datozen bisitarientzat.

Beste bideetako bat da www.bilbao.eus udalaren webgunea da. Udalak gune berezi bat egokitu du bertan, programa osoa bertatik deskargatzeko edo kontsultatzeko, euskaraz zein gaztelaniaz.

Aste Nagusiko udal egitaraua deskargatu

Aste Nagusiko konpartsen egitaraua deskargatu

Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jai Zinegotziak, Bilboko Konpartsetako ordezkariekin batera, prentsaurrekoan aurkeztu ditu gaur goizean Aste Nagusian Marijaiarekin egongo diren bi emakumeak, Itziar Lazkano Setien Pregoilaria eta Iratxe Palacios Gana Txupinera. Aktorea eta Tintigorriko konpartsera, hurrenez hurren, hiriko enbaxadoreen eta Bilboko Aste Nagusiaren historiaren parte dira jada.

Itziar Lazkano Setien aukeratu du Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak abuztuaren 20an, larunbatean, Arriaga Antzokiko balkoitik 2022ko Aste Nagusiari hasiera emango dion pregoia botatzeko. Aktore eta zuzendari ezaguna Bilbotar Ospetsua ere bada, eta bere ibilbidearengatik eta kultura eta arte eszenikoak Bilbon eta Bilbotik zabaltzeko egindako ekarpenarengatik aukeratu dute pregoilari.

1957an Portugaleten jaioa, antzerkian ondutako artista da, Estatu osoan zehar ibili da bere ikuskizunekin, eta hainbat sari jaso ditu, bai aktore, bai zuzendari gisa.

Bestalde, Bilboko Konpartsek Deustuko Tintigorri konpartsako Iratxe Palacios Gana izendatu dute 2022ko Aste Nagusiko Txupinera. Aurten, zozketa bidez, Konpartsa horri egokitu zaio Txupinera izendatzea.

1986an jaio zen Bilbon, eta Txurdinagan bizi da. Iratxe administrari eta zerbitzari lanetan aritzen da. Animaliak, katuak, aire zabala eta, batez ere, mendia maite ditu. Bere zaletasunen artean, zineman edo telebistan figurante gisa agertzea dago.