EUSKARAREKIN IRABAZI EGINGO DUZU!

Euskararekin irabazi egingo duzu/ Con el euskera ganarás da Bilboko euskaltegietako matrikulazio kanpaina berriaren leloa. Kanpaina Bilboko Udalak jarri du abian.

Irailak 12an hasi da, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntzako zinegotzia eta Bilboko zenbait euskaltegitako ordezkariak elkartu direnean. Irailean jarraituko du, markesinetan, Bilbobusen autobusetan, Bilboko Udalaren sare sozialetan, komunikabideetan, eta baita barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta ikastetxeetan jarritako kanpainaren kartelekin ere.

2022/2023 ikasturte berri honetarako, Udalak, aukeratu duen leloarekin, “euskara eguneroko bizitzan eta alor guztietan (maila pertsonalean, familian, lanean) ikastearen eta erabiltzearen abantailak azpimarratu gura ditu”, azaldu du Narbaizak.

Modu berean, Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak gogorarazi du azken helburua dela “Udalak euskara Bilboko kaleetan normalizatzeko duen konpromiso irmoan” aurrera egitea. “Bilbotarrek euskara ikastea eta jakitea gura dugu, eguneroko bizitzan normaltasunez erabili dezaten. Horrela, Bilbo gero eta euskaldunago bat lortuko dugu”, esan du, amaitzeko.

17 EUSKALTEGI BILBON

Bilbok 17 euskaltegiko sarea dauka. Ikasturte honetarako, ohiko klaseak eta era guztietako mailak ez ezik, barnetegietako egonaldiak eta taldeentzako eta enpresentzako ikastaro bereziak eskaintzen dira.

2021-2022 ikasturtean, 8.300 pertsona inguru matrikulatu ziren Bilboko euskaltegietan. Ikasleak, gehien bat, emakumeak dira, goi mailako ikasketak dauzkate, eta 16 eta 45 urte bitarteko adina dute.

Bilboko Udalak, urtero-urtero, euskara ikasteko laguntzetarako deialdi bat egiten du Bilbon erroldatuta dauden gurasoentzat, denbora libreko begiraleentzat eta errenta txikia duten pertsonentzat. Iaz 422 dirulaguntza eman ziren.