Datorren asteburuan, urriaren 15ean eta 16an, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetara itzuliko dira “Diversitours-Aniztasuna Tours” izeneko ikustaldi gidatu kulturartekoak, Bilboko Udalak iaz lehenengo bider antolatu eta egikaritutakoak KOOP SF 34 kolektiboarekin elkarlanean.
Aurten bigarrenez ilaran, auzo horietako auzotarrek, aldez aurretik kulturarteko lagun-egile izateko formazioa jasota, ostera ere eskainiko ibilbide gidatuak, bisitariak hurbiltzearren auzo horiek agertzen dituzten historiara, komunitatera eta auzo horietan izaten diren era askotako gertakari sozial, ekonomiko eta kulturazkoetara.
Iaz estreinatu zirenetik, elkarte, kolektibo eta ikasketa-zentro ugarik bereziki eskatu dute itzuli horiek antola daitezen hiru auzoetan zehar Koop SF 34 kolektiboko giden eskutik, hau da, azken batean, auzotarrek eurek eskatu dute hori.
Bilbo bisitan etortzen diren erakunde- eta enpresa-ordezkaritzei lurraldea eta komunitatea beste ikuspegi batzuetatik eskaintzeko interes handi horren emaitza da ekimena; izan ere, halaxe egiaztatu ahal izan du hori Europako Parlamentu Gaztearen, Kulturarteko Hirien Espainiako Sarearen edo BMW Foundation erakundearen ordezkaritza batek oraintsu, The Wellbeing Summit 2022 delakoaren barruan.
Kulturarteko bi ibilbide horiek ordu eta erdi inguru iraungo dute, eta Saralegi plazatik abiatuko dira, 12:00etan. Plazak mugatuak dira, eta, beraz, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.
ONDAREAREN EUROPAR JARDUNALDIAK
Turismo arduratsu eta kulturartekoaren bilbotar esperientzia hau Ondarearen Europar Jardunaldien barruan dator, zeinak Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu baititu Europako Kontseiluaren eta Europar Batasunaren ekimenez.
Ondarearen Europar Jardunaldiak urria osoan zehar ospatzen dira. Eta Bilboko Udalak, lurraldeko beste zenbait gizarte eta kultur erakunderekin batera, parte hartu du bisita gidatu hauek, ibilbide eta ibilaldiak, erakusketak eta hitzaldiak, kontzertuak eta era guztietako kultur agerpenak antolatzen. Aurtengo gai honek gonbidatzen gaitu ikertzera zer urrats egin daitezkeen kultur ondarea babestu eta onik iraunarazteko ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren arloetan horrenbeste desafio aurkitzen ditugun garai honetan. Eta, hori guztia, garapen jasangarriaren, 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen kontzeptu-esparruaren barruan.