ZAS! ZURRUMURRU ARRAZISTEEI

Bilboko Udalak eta Zurrumurruen aurkako Euskal Sareak (Zas!) lankidetza-hitzarmena berritu dute zurrumurruen aurkako programa bultzatzeko, arrazakeriaren aurkako sentsibilizazioko ekimenen bidez. “Azken helburua gizarte inklusiboa, kohesionatua, parte-hartzailea, arrazakeriaren aurkakoa eta kulturartekoa eraikitzen jarraitzea da, eta helburu hauek –komunikatzea, hausnartzea eta ospatzea– partekatzen dituztenen alboan egongo gara beti”, adierazi du Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.

Kulturarteko gaiei buruzko udal politika, III “Bilbo Kulturarteko Uria” Planaren bidez, diskriminazioaren aurrean sentsibilizatzean eta haren kontra borrokatzean datza. Hartara, arreta berezia eskaintzen zaie diskurtso xenofobo eta arrazistei, kohesioa eta bizikidetza narriatzen baitituzte hirietan. Modu berean, atzerritarren aurka dauden aurreiritzi eta estereotipoak lantzeko eta bazterketaren aurka borrokatzeko erronka planteatzen da.

Hitzarmen honetako jarduerak Euskadiko erakunde publiko guztiei eta biztanleria osoari begira proposatzen dira. Eragin berezia izango da estrategian parte hartzen duten tokiko entitateen sarean, prestakuntza eta komunikazio ekintzak eta herritar sareetan eragiteko eta haiek mobilizatzeko ekintzak eginez.

 

ZURRUMURRUEN AURKAKO ESTRATEGIA ETA IMMIGRAZIOAREN TOKIKO KONTSEILUA

Bilboko Udaleko Zurrumurruen aurkako Estrategia aktibo dago udalerriko 6 barrutitan, eta dagoeneko 400 pertsona eta entitate baino gehiago dauzka zurrumurruen aurkako eragile gisa parte hartzen. Zurrumurruen aurkako Estrategiak eragileak prestatzeko eta gaitzeko lan-ildo bat dauka, hainbat gairi buruz kontzientzia hartzeko eta gogoeta kritikoa eragiteko: migrazioak, dibertsitatea eta aurreiritziak, eta atzerriko jatorria duten pertsonei buruzko estereotipoak eta zurrumurruak.