ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Bilboko Udalak antolatuta, gaur irekiko ditu Arriaga Antzokiko ateak, eta, 19:30etik aurrera, 64. edizioari hasiera emango dio, Jaialdiko Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratuak izan diren euskal film laburren proiekzioarekin. Film labur horiek aurten Ohorezko Mikeldiarekin sarituak izango diren bi artistei eskainitako omenaldiaren ondoren erakutsiko dira.
Hain zuzen ere, Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari poloniarrak, Oscarretarako hiru aldiz izendatuak eta “Europa, Europa“ (1990), “Washington Square“ (1997) edo “In Darkness“ (2011), filmen zuzendariak, eta Iñigo Salaberria zinemagile eta bideo-artista gipuzkoar zendu berriaren senideek Jaialdiko ohorezko sariak jasoko dituzte inaugurazio ekitaldian. Gala hori Maria Goiricelayak eta Ane Pikazak (La Dramática Errante) zuzenduko dute lehen aldiz, eta, besteak beste, Merina Gris euskal musika taldea izango da bertan.
Inaugurazio ekitaldiaren amaieran, Sail Ofizialeko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan lehiatzen diren euskal film laburrak proiektatuko dira. Gainera, horiek guztiak erabateko estreinaldiak dira ZINEBIn.
1.“Alas / Tierra” Maddi Barber (2022, 11 min. Dokumentala).
Ilunabar baten argazkiak. Igelei buruzko liburu bat eskuen artean. Emakume baten aurpegia: irakurtzen ari da. Basakatu bat hainbat eskuren artean. María Sánchez albaitari eta idazlearen “Esta es la mano que cuida” (Hau da zaintzen duen eskua) poematik abiatuta, film hau bestelako espezieekin ditugun harremanetan gertatzen diren ikaskuntza prozesuei buruzko diptiko gisa eraikitzen da.
Maddi Barber nafarrak zuzentzen duen lana dugu hauxe, eta lehen aldiz ZINEBIko Sail Ofizialeko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan hartuko du parte, “Distantziak” (2015) film luzearen zuzendarikideetako bat izan ondoren, bai eta Jaialdiaren parte izan diren beste film labur eta metraje ertainak zuzentzeaz gain, hala nola “592 metroz goiti” (2018), “Urpean lurra” (2019) edo “Gorria” (2020).
2.“The Bath (O banho)” Maria Inês Gonçalves (2022, 9 min. Fikzioa).
Ama batek bere haurra bainatzen du, beste haur batzuk aspertsoreetatik ateratzen den urarekin jolasten diren bitartean. Zerbait gertatzen da film labur honen irudi intimo eta familiarren artean, ikuslea haurtzaroko pertzepzio egoeretan zehar bidaiatzera eramaten duena.
Zuzendari portugaldarraren eta Elias Querejeta Zine Eskolaren koprodukzioa, Maria Inês Gonçalves (“O meu pijama”, 2018) film laburraren errealizadorea, “La metamorfosis de los pájaros” (A metamorfose dos pássaros, 2020) dokumental multisarituaren zuzendari artistikoa eta iaz ZINEBIn lehiatu zen “Cabra Cega” (Tomás Paula Marques, 2021) filmaren ekoizle exekutiboa izan zen.
3.“Gran Hotel Nazareno” Txuspo Poyo (2022, 19 min. Dokumentala).
Groenlandian 1843ko apirilean harrapatutako bale baten hezurdura daraman furgoi bat – Erromako Nazareno ikastetxeko kabineteko piezarik esanguratsuenetako bat – abian jarri da ikastetxeko eraikina luxuzko hotel bat egiteko saldu ondoren.
Donostian estreinatua izan ondoren ZINEBIn erakutsi zen “Izaro” (2018) film luzearen zuzendaria, Txuspo Poyo artista nafarra, Erroman filmatutako film labur honekin itzuliko da Jaialdiko Nazioarteko Film Labur Lehiaketara.Espainiako Errege Akademian egoilarra izan zen bitartean sortutako lana da hauxe.
4.“Hemen bizi da maitasuna” Ainhoa Olaso & Enara Garcia (2022, 14 min. Fikzioa).
Matixak 22 urte ditu eta gurasoen etxean bizi da. Bere logela eta egonkortasuna hankaz gora daude. Jasanezina dirudien egoera baten aurrean, gazteak familiatik kanpo bilatzen du laguntza, eta bere lagun Leirek ematen dio. Bere amarengandik askatzeak askeago bihurtuko duela sinetsita, etxetik alde egitea erabakitzen du.
Ainhoa Olaso durangarraren eta Enara Garcia leioaztarraren lehenengo lan hau zuzenean iritsi da ZINEBIren Sail Ofizialera, 2021ean euskarazko film laburren proiektu onenaren Aukera Saria eskuratu eta Kimuak banaketa-katalogorako aukeratua izan ondoren.
5.“Hitzak” Josu Martinez (2022, 13 min. Fikzioa).
Josu Martinez ikertzaile eta zinemagile bizkaitarra, “Itsasoaren alaba”, (2009) edo “Gure sor lekuaren bila”, (2015) filmen zuzendaria, “Anti” (2018) bere aurreko fikziozko film laburra – gidoia ZINEBIn saritua izan zen – girotu zuen lurraldera itzuliko da “Hitzak” lanean., Bizkarsoro izeneko fikziozko herri hura, ustez Nafarroa Beherean kokatua, Lehen Mundu Gerra amaitu eta hurrengo hilabeteetan euskararen diskriminazioaren agertokia zen “Anti” lanean.
“Hitzak” film laburraren kasuan, Martinezek herri berean kokatzen gaitu, baina 1966ra eramaten gaitu, eta baso batean lurperatutako paper-zatiak aurkitzen dituzten lau gazteren bizitzara. Horietan, 21 urteko Michelle gazteak ulertzen ez dituen hitz batzuk ageri dira, bere familiak aspaldi utzi baitzion euskara erabiltzeari.
6.“Hondarrak” Paula Iglesias eta Marta Gómez (2022, 15 min. Dokumentala).
Zainketak hondatuta dauden mundu bati eusten diote bi emakumek. Gladysek, barne-langile gisa jarduten duen etxeko betiereko konfinamendutik, eta Imak, itsasoaren aurrean zain, beste itsasontzi batek bere sareak hautsi arte.
Al Borde Films ekoizpen etxearen eskutik, Paula Iglesias (“Solo son peces” filmaren zuzendarikidea (2020), ZINEBIren 61. edizioan Espainiako Zinemaren Sari Nagusia irabazi zuen film laburraeta film labur onenaren Goya Sarirako izendatua) eta Marta Gómez zuzendariak bi emakume horien bizipenen oroitzapenetatik abiatzen diraeta kontakizun sentsorial bat aurkezten dute, ikuslea honako galdera hau egitera eramaten duena: noren esku dago egoera aldatzea?
7.“Wild Flowers (Divlje Cvijeći)” Karla Crnčević (2022, 13 min. Dokumentala).
Aurten lehiatuko den beste film baten kasuan bezala, zuzendariak berak Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera ekoitzia, film labur honek errealizadorearen aitak bideo-kamera bat erabili zuen egun bakarrean grabatutako materiala du oinarri.
Hogeita hamar urte geroago, material hori digitalizatzeko eskatu zion Karlari, eta, horren ondorioz, zuzendariak bere aita gidatzen zuten arrazoiak zeintzuk ziren planteatu zion bere buruari, bere etxea zuen herrian, Radovčićin, Kroaziako kostaldearen hegoaldeko muturrean, grabatu zituen kalitate txarreko irudiak ahaztu nahi ez izateko.
Zazpi film horiek Golem Alhóndiga zinemetako 5. aretoan proiektatuko dira berriro ere azaroaren 17an, eta Bilboko Zinemaldiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak (5.000 euro bakoitza) eta Publikoaren Saria-EITB (3.000 euro) irabazteko aukera izango dute.