BILBOK ERABAT GAITZETSI DU EMAKUMEENGANAKO INDARKERIA

Gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Udalak, urtero bezala, irakurketa instituzional eta partizipatiboa antolatu du, indarkeria matxistaren aurkako gaitzespen kolektiboaren erakustaldi publiko gisa.

Ekitaldi horren bidez, emakumeenganako edozein biolentzia-adierazpen salatu, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatu dute, gizarte berdinzalea eraikitzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuzendu du irakurketa. Nekane Alonso Berdintasuneko zinegotziak eta Bilboko Udaleko beste zinegotzi batzuek ere parte hartu dute, eta honako hauek ere bai: Emakumeen Udal Kontseilua, Immigrazioaren Udal Kontseilua, Amuge, Down Sindromea Fundazioa, Etxekoandre, Margotu, Bizitegi, Sin Romi, Bagabiltza, Euskal Gorrak, Bilbao-Basurtuko ESIa, Bilboko Elizbarrutia eta Alde Zaharreko Merkatari Elkartea, besteak beste.

Juan Mari Aburtok EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak proposatutako Adierazpena irakurri du, non emakumeek espazio publikoetan pairatzen duten sexu-jazarpena eta bestelako sexu-indarkeria moldeak salatu eta gaitzesten baitira.

Horrez gain, beste parte-hartzaileek argitalpenen, olerkien, hitzaldien eta abestien testu eta zatiak irakurri dituzte, denak emakumeenganako indarkeriaren gaitzespenari edo andrazkoen eta gizonezkoen arteko desberdinkeriari buruzkoak.

BILBO, MOREZ

Aste honetan zehar, hiria morez tindatu da: puntu morearen ikurra jarri da zenbait udal eraikinetan.

Gainera, gaur arratsalde-gauean, udaletxea kolore horrekin argiztatuko dute, Bilbo emakumeenganako indarkeriaren aurka dagoela erakusteko.

Era berean, Udalak herritarrei eskatzen die parte hartzeko eta indarkeria matxista gaitzesteko, eta, horretarako, txapa morea janztera gonbidatzen ditu —indarkeria matxistaren molde eta maila guztiak gaitzetsi eta salatzeko jarrera irudikatzen duen sinboloa—.

BEHAR IZANEZ GERO, ESKATU LAGUNTZA PROFESIONALA, ZALANTZARIK GABE:

  • Informazio eta orientabide espezializatua
  • Laguntza soziala
  • Arreta psikologikoa
  • Aholkularitza juridikoa

Aurretiazko hitzordua 94 420 48 38 telefonoan edo berdintasuna@bilbao.eus helbide elektronikoan.

LARRIALDI-EGOERETAN:

  • Udaltzaingoa: 092/112
  • GlUZ (Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua): 94 470 14 60