GAUR HASI DA “KONEKTATECH ASTE TEKNOLOGIKOA”, 12 ETA 17 URTE ARTEKO GAZTEENTZAT

Bilboko Udalak Konektatech Teknologiaren Astea abiarazi du: aisialdi hezitzailearen alorreko eskaintza bat, 12  eta 17 urte bitarteko gazteei aukera emango diena zientziari eta teknologiari lotutako gaitasunak ezagutu eta garatzeko.

Ekimenaren xedea da adingabeek lehen urratsak egin ditzatela elektronikaren alorrean; eta, horretarako, Arduino hardware librearen plataformak eskainitako aukerak erabiliko dituzte. Horrela, bada, plaka programagarri baten bitartez, parte- hartzaileek aukera izango dute zenbait mikroordenagailu mota sortu eta aldatzeko, eta horien bitartez led argiak muntatzeko, edo motorrak, serboak eta hurbiltasun-sentsoreak kontrolatzeko, besteak beste. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa aurretiazko eskarmentua izatea.

Teknologia-tailerrak gaur hasi dira, eta, urtarrilaren 5era arte, egunero egingo dituzte, goizeko 11:00etatik 13:30era, “La Perrera” eraikinean (Basurtu). Saio bakoitzean 15 gaztek hartuko dute parte.

KONEKTA ETA GAZTEKLUBA GABONAK

Konektatech Teknologiaren Astea bi udal programaren barruan garatuko da. Batetik, GazteKLUBA GABONAK izenekoan: Gabonetako aisialdi hezitzailearen alorreko jardueren eskaintza. Eta, bestetik, KONEKTA delakoan: Bilboko gazteekin konektatzeko ekimena, gazteak eurak jarriko dituena beren interesekoa izan daitekeen udal ekintza ororen erdigunean.

KONEKTA proiektuaren jarduera guztiak “La Perrera” eraikinean egingo dituzte. Duela gutxi inauguratu dute, Basurtu auzoan (Sabino Arana 50), eta gazteentzako erreferente bilakatzeko helburua du.

KONEKTAn, informazioa eta orientabidea emateaz gain, aukera berritzaileak sustatu eta ahalbidetuko dituzten jarduerak diseinatu nahi dituzte, gazteek ekintzailetza, talentua, sormena, ekimena, parte-hartzea, konpromiso soziala, pentsamendu kritikoa, ahalduntze pertsonala edo talde-lana bezalako trebetasunak eta gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten.